Iruñea Gasteiz eta Zaragozarekin lotzen dituen trenbide sarea hobetzeko diru partida onartu du Diputatuen Kongresuak

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 26a, 14:02

Nafarroa Trenaren Alde Plataformak txalotu du zuzenketa, egun existitzen den azpiegitura hobetuko duelako. Abiadura Handiko Trenan dirua xahutzea baino, tokiko trenbide sarea hobetu eta zabaltzera dei egin du plataformak.

Estatuko aurrekontuen zuzenketen artean, Espainiako Diputatuen Kongresuak 200.000 euroko zuzenketa onartu du Burgos, Gasteiz, Iruñea eta Zaragoza lotzen dituen trenbide sarea hobetzeko. Honela, era guztietako trenek erabili ahalko dute azpiegitura, pertsona eta merkantziak garraiatu ahal izateko. Nafarroa Trenaren Alde Plataformak txalotu du inbertsioa eta azpimarratu du horrelako liniek inbertsio kostu txikia dutela Abiadura Handiko Trenarekin alderatuta eta erabilgarritasun handiagoa herritar eta tokian tokiko enpresendako.

"Nafarroan trena hiltzen ari da pixkanaka" salatu dute plataformako kideek, "Herrietako geltokiak itxi eta trenen maiztasunak urritzen ari dira". Gogoratu dute, AHT-ak behar duen azpiegiturarekin alderatuta, tokiko trenbide sare txikia ingurugiroarekiko jasangarriagoa dela. Horregatik, Abiadura Handiko Trenaren eraikuntzan dirua ez xahutzera eta obrak gelditzera dei egin dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!