Manomanistaren finala Nafarroa Arenan jokatuko da

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 26a, 12:30

Nafarroa Arenako pilotalekua, artxiboko irudi batean (Argazkia: Nafarroa Arena)

Pilotako urteko partida nagusia maiatzaren 29an jokatuko da, euskaldunon hiri buruzagiko areto handian.

2022ko maiatzaren 29an Buruz Buruko Pilota Txapelketako finala Iruñean jokatuko da, historian lehendabiziko aldiz. Hala berretsi dute gaur Eskuzko Pilota Enpresen Ligako eta NICDO sozietate publikoko arduradunek Nafarroa Arena Pabilioian sinaturiko akordio batean.

Guztira, lehen mailako 4 partida jokatuko dira Nafarroa Garaiko hiriburuan: buruz buruko finala (2022ko maiatzaren 29an), Masterseko bi finalerdiak (irailaren 30ean) eta Masterseko finala (2022ko urriaren 2an). Akordio honen sinadurak Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilaria izan du buru, eta berretsi egin du Nafarroako lehen mailako kirol-hitzorduei babesa ematen diela.

Iñaxio Errandonea ASPE enpresako zuzendari komertzialarentzat, bai ASPEren aldetik, bai pilotarentzat oro har, oso berri ona da mugak irekitzea, orain arte buruz buruko finalak Gasteizen, Donostian edo Bilbon jokatu baitira. “Nafarra naizenez, harro egoteko modukoa da nire herrian pilotaren finalik garrantzitsuena jokatzea”, azaldu du.

Ildo beretik, Mocho Urdiainek, NICDO sozietate publikoko gerenteak, eskerrak eman dizkio ligari akordio hau sinatzeko prest egoteagatik. Akordio honek, Buruz Buruko finala ekartzeaz gain, oihartzun handiko beste hiru ekitaldi ere ekarriko ditu Iruñera, Masters txapelketako bi finalerdiak eta finala, hain zuzen ere. Lehiaketa hau, egutegian gaztea izan arren, urtetik urtera bere kalitatea eta ikusgarritasuna erakusten ari da.

3.000 eserleku


Bestalde, Baiko enpresako zuzendari Unai Iglesiasek aurkezpen honetan baieztatu duenez, finala Nafarroan jokatzea oso berezia da, buruz burukoa irabazi duten Nafarroako txapeldun guztiak kontuan hartuta.

Gainera, akordioaren sinaduran Miguel Ángel Pozueta Nafarroako Kirol Institutuko zuzendari gerentea eta Javier Conde Nafarroako Euskal Pilota Federazioko zuzendaria egon dira.

2018ko azaroan Nafarroa Arena pabiloia inauguratu zenetik, pilotak hartu zuen leku nagusia, eta Masterseko finala izan zen inaugurazio-ekitaldia. 3.000 eserlekuak bete zituen ikuskizunak, eta esparru berriak final handiak hartzeko dituen aukerak erakutsi zituen, hala nola 2018an eta 2019an kantxa honetan egin den Lau t 'erdiko Eusko Label txapelketarena. Halaber, joan den uztailean pabilioia izan zen Nafarroako Foru Komunitateko finaleko emakumezkoen lehen pilota jaialdiaren egoitza.

Lau hitzordu handi horien kasuan, bi erakundeek berretsi dute sarrerak beren web orrien eta sare sozialen bidez salduko dituztela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!