Aldaketa klimatikoaren legeari "anbizioa gehitzeko" 123 zuzenketa aurkeztu ditu EH Bilduk

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 26a, 10:29

Nafarroako Parlamentuko batzordean eragile sozialek egindako ekarpenak oinarri prestatu ditu zuzenketak. Gobernuak "aldaketa esanguratsuak" gehitu ezean, alderdi independentistak ez du araua babestuko. 

50 eragile baino gehiago izan dira azken hilabeteotan Nafarroako Parlamentuan klima aldaketaren lege proposamena landu duen batzordean. Ekarpenak entzunda osoko zuzenketa aurkeztea edo ez zalantza izan du EH Bilduk. "Elkarrizketaren alde" egitea erabaki du alderdi independentistako Adolfo Araizek eta Laura Aznalek gaur azaldu dutenez.

68 artikulu ditu legearen zirriborroak, eta EH Bilduk 123 zuzenketa aurkeztu dizkio: 63 ebazpen berriak, 50 testua aldatzeko proposamenak dira eta 5 ezabatzaileak. “Dituen  hutsuneak eta isiluneak gainditu nahi ditugu, parte hartzea eta anbizioa gehitzeko", azaldu dute. 

Lau alorretan banatu daitezke zuzenketak. Helburu klimatikoak ongi finkatzea du helburu lehenengo atalak, bigarrenak gobernantza ereduaren ingurukoak biltzen ditu, hirugarrenak finantziazio berria eskatzen dutenak jasotzen ditu eta laugarrenak, berriz, trantsizio "justuago" bati egiten dio erreferentzia. Horien artean, zerga sistemari lotutakoa da alderdiarentzat "erabakigarriena". Ez bada aldaketa "esanguratsurik" ematen, EH Bilduk ez dio gobernuari bere aldeko botoa ziurtatzen. Gobernuari bilera eskatu dio EH Bilduk horien gainean eztabaidan hasteko.

 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!