Milaka lagunek hartu dute parte Iruñean, indarkeria matxistaren aurkako manifestazioan. Protesta Baluarte plazatik abiatu da, ilunabarreko zortzietan, eta euskaldunon hiri buruzagiko kaleak zeharkatu ditu. Protestaren buruan zabaldu duten pankartaren leloa, “Aske izateko, vida sin violencias”. Iruñean ilunabarrean egindakoa gaur Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren karietara Nafarroan egindako elkarretaratzerik handiena izan da, baina beste asko egin dituzte herrialdeko herri eta auzotan.
“Kalera atera gara aske bizi nahi dugula aldarrikatzeko, inolako indarkeriarik gabe”, azaldu du Indarkeria Matxistaren Aurkako Plataformako eledun Amaia Zubietak, Iruñeko protestaren amaieran.
Plataformatik, mezu zuzena bidali nahi izan dute erakundeetara. “Halako egunetan, askotan gure agintariak kalera ateratzen dira eta elkarretaratzeetan parte hartzen dute. Hain zuzen ere hori da nahi ez duguna. Neurriak nahi ditugu, ez faltsukeria, ez promesa faltsuak”, azaldu du Zubietak.
Atxikiriko bideoan, Ahotsa.info atariko lagunek Iruñeko protestan harturiko irudiak ikus daitezke.