Emakumeen aurkako indarkeria guztien “gaitzespen irmoa” egin du Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 24a, 10:40

Iaz Nafarroako Gobernuak egindako elkarretaratzea. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Sarasate pasealekuan elkarretaratze isila eginen du Nafarroako Gobernuak, bihar, 11:00etan.

Gobernuak, gaurko bilkuran, adierazpen bat onartu du, bihar, azaroak 25, emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela-eta: “Adierazpen honekin Gobernu honen konpromisoa agertu nahi dugu berdintasunaren alde eta emakumeen eta neskatilen kontrako indarkeriari gabeko gizarte askearen alde lan egiteko”, adierazi du Javier Remirez presidenteordeak.

Emakumeen aurkako indarkeria mundu-mailako egitura-arazoa dela jasotzen du testuak, eta “erantzun globalak ez ezik, estatukoak, autonomikoak eta tokikoak” ere eskatzen dituela. 

“Gogorarazten jarraitu behar da emakumeek sufritzen jarraitzen dutela emakume izate hutsagatik”, adierazi du. Hori dela-eta, Nafarroako Gobernuak “erabat gaitzetsi” du emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpen, “2030 Agendaren helburuekin bat ez datorrena, gizarte batean ongizatea, demokrazia eta bakea eragozten baititu”.

"Erakundeen, mugimendu feministaren eta, oro har, gizartearen konpromisoak", zehaztu du, "bizirik atera diren emakume biktimei babesa eta laguntza ematen dien egitura bat eraiki du, haien jatorria, adina, maila soziala, aniztasun funtzionala eta sexuala edozein izanda ere". Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NABI/INAI) bidez, Zure ondoan gaude kanpaina jarri du martxan. 

Aurtengo azaroaren 25eko kanpainak genero-indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko taldeek garatzen duten zeregin garrantzitsuari eskaini dio arreta; bertan, bizirik irtendako edozein emakumek edo haien seme-alabek erantzun integrala aurkitzen du arlo sozialean, juridikoan, hezkuntza-arlokoan eta psikologikoan. Adierazpen instituzionalaren bitartez, indarkeria matxistak jasaten ari diren emakumeak animatu nahi dituzte hurbilen daukaten taldeetar joatera. 

Bereziki gogoratu ditu gobernuak uztailean Murchanten hildako emakumea eta Azagran izandako eraso bortitzetik bizirik ateratako emakumea.

Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartzen du beste erakunde batzuekin eta herritarrekin modu koordinatuan lanean jarraitzeko, arreta, prebentzio, ikerketa eta sentsibilizaziorako bultzatzen ditugun neurri integralen kalitatea hobetze aldera, eta indarkeria matxista dela-eta sufritzen duten emakumeei eta haien seme-alabei babesa, justiziarako sarbidea eta ordaina ematearren.

Gobernuak antolatuta, kontzentrazio isila egingo da bihar, osteguna, 11:00etan, NABI/INAIren egoitzaren aurrean, Iruñeko Sarasate pasealekuan (Alondegi kalearen parean). Gainera, data hori oroitzeko, San Inazio etorbidean dagoen Nafarroako Jauregiaren fatxada kolore morez argiztatuko da; hots, genero-indarkeriaren aurkako borroka sinbolizatzen duen kolorea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!