Ura hatzen artean nola. Halaxe galdu du puntu bat Osasunak, Madrilgo Atleticoren aurkako norgehiagokako azken txanpan.
Gorritxoek partida txukuna egin dute. Defentsan, Real Madrilen aurka bezain txukun; eta, hori gutxi balitz, erasoan finago.
Metropolitanon jokaturiko partidarako, hiru erdiko defentsako eskema berreskuratu du Jagoba Arrasatek. Norgehiagoka bikaina egin dute David Garciak, Unai Garciak eta, bereziki, hasierako hamaikakoan gutxitan ikusi ahal izaten dugun Juan Cruzek.
Bost defentsarekin jokatu arren, Osasunak ez dio erasoari uko egin. Berriatukoak bi aurrelari zelairatu baititu: Kike Garcia eta Chimy Avila. Biok gogor saiatu dira erasoan zein, batez ere, defentsan, baina eraginkortasunik lortu gabe.
Nolanahi ere, Osasunak gutxienez bi gol aukera argi izan ditu. Lehena, aldaratze batean, Lucas Torrok area ertzetik egindako jaurtiketa zitala, lehen zatian. Bigarrena, Madrilgo Atleticoren gola hartu eta gero, beste errebote bat profitatuz, Roberto Torresek asmaturiko ezkerkada. Biotan Oblac atezainaren erantzuna bikaina izan da.
Defentsak eta aurrelariak aipat ditugu. Agian arazorik handienak zelai erdian izan ditu Osasunak. Torrok, Moncayolak eta Darkok lan eskerga egin dute eraispenean, baina arazo handi samarrak eduki dituzte sorkuntzan.
Geldikako jokaldi batean, beste behin ere
Norgehiagokaren azken txanpara gorritxoak beraz husnako berdinketarekin iritsi dira. Osasuna zalearen gogoan, Cadizen edo Villarrealen aurka azken minutuetan lorturiko garaipenak. Haatik, honako honetan Osasunak gola sartu ordez gola hartu du, Realaren aurka bezala.
Nacho Vidalek behar handirik gabe baloia kornerrera bidali du. Kike Garcia ez da markaketa lanetan fin aritu, ezta Sergio Herrera irteeran ere. Eta beste behin ere korner batean gola egin diote Osasunari.
Denboraldi honetan Gazteluko plazako taldeak arazo bat dauka geldikako jokaldiekin. Dagoeneko sei gol hartu ditu hala. Ehunekorik okerrena da, Lehen Mailako talde guztien artean. Izan ere, gorritxoek, jokaldietan, zortzi gol besterik ez dute hartu.
Sare sozialetan jazarri dituztela salatu dute hainbat Osasunazalek. Metropolitano futbol zelaiaren inguruan Madrilgo Atleticoren gizonezko zale handikoteak segika izan zituztela, eta irainka.