Lehengaien prezioen igoera arintzeko laguntzak gehitu nahi ditu aurrekontuetan EHNE sindikatuak

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 19a, 14:10

%10 handitu dute lehen sektorera bideratutako aurrekontuen ekarpena. Pozik azaldu da EHNE sindikatua, baina hiru zuzenketa aurkeztu ditu.

Aurtengoak dituen diru partidak mantendu ditu gobernuak aurrekontu proiektuan; EHNE sindikatuarentzat oinarrizkoak diren gazteak sektorean hasi ahal izatekoa eta ustiategietako hobekuntza-planei buruzkoa, esaterako. Eremu kaltetutako profesionalei zuzendutako laguntza berriz 5 milioitik 8ra igo dute. Hala "jarrera baikorra" azaldu du kontuekiko sindikatuak, baina hiru zuzenketa proposatu dituzte.

Abeltzaintzako toki azpiegituretarako inbertsioen partida handitzeko zuzenketa prestatu dute. Baita bi partida berri sortzekoa ere: lehenengoa, fauna basatia kontrolatzeko erabiliko litzateke; bigarrenak, berriz, lehengaien prezioen igoera arindu nahi du. Igoerak kaltetutako ustiategietara bideratutako 3,5 milioiko laguntza sortzea nahi du sindikatuak. Nafarroako gobernua sustengatzen duten taldeekin eta EH Bildurekin bildu da zuzenketak aintzat har ditzaten.

Zuzenketetan bildutako hobetzekoez gain, beste kritika bat ere egin diote: lehen sektorera bideratutako aurrekontuaren heren bat Nafarroako Kanalera bideratutakoa da. Azken urteotan nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorraren aldeko jarrera hartu du gobernuak, eta bide horretan jarraitu nahi izanez gero, azienda estentsiboari bide eman behar diotela ohartarazi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!