Aste honetan, Barne Sailak Foruzainen Langileen Batzordeari jakinarazi dio Nafarroako Gobernuak aurreikusi duela 2022ko Aurrekontuetan, zehazki Hemezortzigarren Xedapen Gehigarriaren bidez, trafiko arloko Estatuko funtzionarioak Nafarroako Foru Komunitateako plantillan integratzea, eskumenen transferentziaren ondorioz.
Xedapen hori Nafarroako Polizien 2018ko Legearen garapenaren barruan kokatzen da. Lege hori UPN, Geroa Bai eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen, eta ELAk ez zuen babestu. Lege horren bederatzigarren xedapen gehigarrian aurreikusten da Guardia Zibileko kideak Foruzaingoan sartzea.
Gobernuak Parlamentura eramango duen Aurrekontuen Legeak esaten duenez, Guardia Zibilaren integrazioa bideratzeaz gain, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileei aplikatu beharreko ordainsari-araudiaren gainetik jasotzen zituzten soldata-osagarriak ere ordainduko dizkie.
ELAk Foruzaingo profesional baten aldeko apustua egiten du, izaera zibilekoa, bere herrian errotua dagoena, giza eskubideekin konprometitua, genero-ikuspegiarekin eta herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzen dituena. Gainera, ELAk beti aldarrikatu du Foruzaingoak bere gain hartu behar zuela trafikoko eskumena. Eskumen hori eskuratzeak, alde batetik, Foruzaingoaren plantilla handitzea ekarri beharko luke eta bestetik, gainontzeko polizien presentzia murriztea. Horretarako, beharrezkoa da LEP bat deitzea, zeinean Guardia Zibila bezalako izaera militarreko kideek lehentasunik edukiko ez duten.