Iruñeko Apezpikutzaren eta Espainiako Armadaren artean joan etorriak, beste behin ere

Juan Kruz Lakasta 2021ko aza. 16a, 07:55

Frantzisko aita santuak orain arte Iruñeko eta Tuterako apezpiku laguntzaile izan den Juan Antonio Aznarez Cobo izendatu du Espainiako Armadako artzapezpiku berri. Kargu hori hutsik zegoen 2021eko urtarriletik, Juan del Rio ordura arteko artzapezpikua hil zenetik hain justu.

Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzaren eta Espainiako Armadaren arteko harreman horrek norabide batean zein bestean funtzionatzen du. Izan ere, Iruñeko eta Tuterako egungo artzapezpikua, Francisco Perez, 2007ko uztailean Nafarroara iritsi aurretik hain zuzen ere Espainiako Armadako artzapezpikua izana zen.

Ezin ahantzi Franciscco Perezen aurretik Fernando Sebastianek jardun zuela Iruñeko eta Tuterako artzapezpiku moduan, eta euskaldunon hiri buruzagia mundu osoko intsumisioaren hiriburua zen garai haietan, behin baino gehiagotan egin zituela intsumisoen aurkako adierazpenak.

Bidenabar esanda, Francisco Perezek 75 urte beteko ditu urtarrilean. Eliza Katolikoaren barne arautegiaren arabera, une horretan bere kargua aita sainduaren esku utzi beharko du.

Juan Antonio Aznarez 1961eko urtarrilaren 14an jaio zen Eibarren (Gipuzkoa), baina 13 urte zituela Tuterara (Nafarroa) joan zen bizitzera. Elizako ikasketak Iruñeko apaiztegi nagusian egin zituen eta 1990eko urriaren 27an apaiztu zen.

Bibliako Zientzietan lizentziatu zen Erromako Institutu Biblikoan (1997). Gainera, Filosofia eta Letretan (Filologia Hispanikoa) lizentziatua da Zaragozako Unibertsitatean (1984).

Iruñeko eta Tuterako elizbarrutian garatu zuen apaiz ministerioa, eta 2012ko ekainaren 9an izendatu zuten apezpiku laguntzaile. Gotzain-ordenazioa urte bereko irailaren 9an jaso zuen. Espainiako Gotzainen Batzarrean Liturgiarako Gotzainen Batzordeko kide da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!