Mozioak Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiari eskatzen dio har ditzala Izadi Gutierrez Lizarraga adingabearen eskubideak ondoen zainduko dituzten neurriak, familia-ingurunearekin eta gurasoekin harremanetan jarraitzeko aukera emango diotenak, gurasoei etxetik gertu dauden espetxeetara eramateko aukera emanez. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeek aurkeztuko dute, gaiarekiko aldeko jarrera har dezaten gainerako taldeek. Geroa Baiko Uxue Barkos eledunak aho batez onartua izan dadin espero duela adierazi du gaur, Nafarroako Parlamentuan.
Haurrei zuzendutako politikei buruzko osoko bilkura monografikoa eginen dute Nafarroako Parlamentuan, ostiralean. Eta hor landuko dute mozioa. Baina helburu gehiago ere izanen ditu bilkurak. Horien artean guraso bakarreko familien gaineko politikak hobetzeko beharra aipatu du Ahal Duguko Mikel Builek. Aurreko legegintzaldian onartutako legea "motz" geratu baita, Ahal Duguko bozeramailearen ustez.