Javier Esparza Navarra Sumak Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak astelehen honetan iragarri duenez, osoko zuzenketa aurkeztuko diote 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektuari. Parlamentuko Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordearen bileraren ostean hedabideei egindako adierazpenetan, Esparzak esan du "agerikoa" dela Gobernuak EH Bildurekin lortutako akordioak "kalte egiten diola enpleguaren sorrerari eta Nafarroaren garapenari".
Bere ustez, "ez da enplegua sortzera bideratutako Aurrekontua, eta osoko zuzenketa bat prestatzen ari dira, Gobernuari proposatu zizkioten hamabi oinarriak eta "beste gai garrantzitsu batzuk, lurralde honetan eredu alternatibo bat defendatzeko".
Gogora ekarri duenez, hamabi gai proposatu zizkioten Foru Gobernuari. Navarra Sumarentzat "funtsezkoak" direnak "oparotasuna eta etorkizun hobea bilatzeko". "Gobernuak ezetz esan zigun", esan du.
Neurri fiskalei osoko zuzenketa aurkeztuko ote dieten galdetuta, neurri fiskalei buruzko jarrera aztertzen ari direla esan du bozelamaileak. "Ez dago erabakita. Baina, pentapartitoaren eredua ez den beste bat defendatzen ari gara", esan du.