Kutsatzeen gorakadaren aurrean kezka agertu dute parlamentuko taldeek

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 15a, 11:36

Osasun irizpideek hala eskatzen badute Covid pasaportea ezartzea begi onez ikusiko lukete.

Gora egiten ari da koronabirusaren kutsatzeen zenbatekoa egunetik egunera. Seigarren olatua aipatu gabe, gehienak, goranzko joerarekin kezkatuta azaldu dira gaur Nafarroako Parlamentuko taldeak. Nafarroako Osasun departamentua zenbait sektoreetan Covid pasaportea ezartzea aztertzen ari da. Osasun irizpideen gainean arrazoituz gero, begi onez ikusiko lukete.

Koronabirusaren datu baikorrenak azpimarratu nahi izan dituzte sozialistek. Nafarroa Espainiako Estatuan proba gehien egiten dituen erkidegoa dela nabarmendu du Ramon Alzorriz eledunak. “Txertaketa eraginkorra izaten ari da, eta horren araberakoak izanen dira ezarriko diren neurriak”, nabarmendu du.

Geroa Baik ohartarazi du “tentuz” begiratu beharko dela egoera epidemiologikoa. Egoera okertuko balitz, neurriak hartuko beharko liratekeela uste du Uxue Barkos bozeramaileak; eta, zentzu horretan, Covid pasaportea “kutsatzeak gelditzeko erremienta gisa” kontuan hartu beharko litzatekela, “beste erkidego batzuetan eta Europan erabiltzen ari diren heinean”.

EH Bilduk azpimarratu du, berriz, oraindik ez dagoela proposamen zehatzik mahai gainean pasaportearen inguruan: “Ez dugu uste jarrera politiko kontua denik, osasun irizpideen pean hartutako erabakia behar du izan”. Gainerako taldeek bezala kezka agertu du Bakartxo Ruizek kutsatzeen goratzearen aurrean, eta zuhurtzia eskatu du. 

Neurri zehatzik aipatu gabe, argiagoa izan da Ahal Duguko Mikel Buil. “Ulertzen dugu neurriak hartu beharko direla”, adierazi du.

Navarra Sumak, aldiz, adierazi du daturik gabe ez duela adierazpenik eginen. Kazetarien galderei erantzunez, Maria Txibiteren gobernua kritikatzeko baliatu du aukera Javier Esparza eledunak: transparentzia falta egotzi dio.

Buruko osasuna, osoko bilkurara

Pandemiak larriagotu duen buruko osasunari erreparatu nahi dio PSNk. “Osasun mentalari lotutako estrategia garatu behar dugu Nafarroan”, adierazi du Ramon Alzorriz eledunak. Gobernutik, aurrekontuen bitartez, lehenik eta behin, zehaztu duenez. Hala, sozialistek gobernuak plan bat egin dezan eskatzeko mozioa aurkeztu dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!