Foru Erkidegoko 105 ikastetxetako 4.020 ikaslek parte hartuko dute Nafarroako iraupen-eskiko kanpainan, aste zurian. Erronkari eta Zaraitzu ibarretan, 2022ko urtarrilaren 10etik apirilaren 8ra bitartean eginen da aurten.
Iaz baino 2.500 bat ikasle eta irakaslek parte hartuko dute beraz aurten, behin jende kopuruaren mugak handitu dituztelarik.
Aurreko edizioetan bezala, familia ugarietako eta guraso bakarreko familietako ikasleentzako deskontuak mantendu egin dituzte(% 10 kategoria orokorrekoak badira, eta % 20 kategoria berezikoak badira). Baita, beherapena izanen dute bizikidetza unitate bateko bi kidek edo gehiagok egitasmoan parte hartzen badute.
Halaber, egoera sozioekonomiko zailean dauden ikasleentzako 200 plaza zozkatu ditu Nafarroako Gobernuak, eta horiek kuotaren % 20 baino ez dute ordainduko.
Kirol eta heziketa proiektu honetan parte hartuko duten ikasle gehienak Lehen Hezkuntzako 6. mailan eta DBHko 1. mailan ikasten dute. Erronkariko bailaran ostatu hartuko duten haurrek Larra-Belagua Ipar-Eski Zentroko pistetan praktikatuko dute kirola, Zaraitzuko Haranean ostatu hartuko dutenek aldiz, Irati - Abodi Ipar-Eski Zentroko pistetan.
Eskia jarduera nagusitzat hartuta, praktika goizetan eginen dute, bi txandatan. Ikasleak taldeka banatuko dituzte, ikasleek eta irakasleek iraupen-eskia modu ludikoan ikasteko aukera izan dezaten.
Gainera, egunaren bigarren zatian, ikasleek eta irakasleek kultura-jarduera anitzetan parte hartuko dute, hala nola antzerki-emanaldietan, herri-kiroletako probetan edo Erronkari eta Otsagiko Naturaren Interpretazio Zentroetara eta Erronkariko Julian Gayarre Museoko bisitaldietan.