Gaueko aisialdirako Covid pasaportea ezartzea aztertzen ari da Nafarroako Gobernua

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 11a, 12:19

Azken egunotako kutsaketen gorakada espazio itxietan egindako ospakizunetan izan dira gehien bat. Horregatik, zuhurtzia eskatu du Osasun Kontseilariak, musukoaren erabilera derrigorrezkoa dela gogoratuz. Egoerak okerrerat eginen balu, Covid pasaportea bezalako neurriak aplikatzeko auekra aztertzen ari dira departamentuan.

Azken egunean 114 kutsaketa atzeman dira Nafarroa osoan egindako 2.317 PCR eta antigenoen testetan. 6 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte eta ZIUetan pertsona bat gehiago hartu, 7 dira une honetan larri diren gaixoak.

Datu hauek eskutan, Nafarroako Osasun Kontseilariak zuhurtzia eskatu die nafarrei, “Horrenbeste nahi genuen askatasuna eta normaltasunaz gozatzea ulergarria da, bainan orain tentuz ibiltzeko unea da, irabazi duguna ez galtzeko” esan du  Santos Indurain Osasun kontseilariak. Momentuz Nafarroako Gobernuak ez du aurreikusten atzerapausorik egunerokoa mugatzen dute arauetan, baina egoeraren arabera erabakiak hartuko direla azaldu du, inzidentzia eta kutsaketak baino, ospitaleratze kopurua irizpidetzat hartuz.

Zentzu horretan, Santos Indurainek azaldu du, “Eskenatoki guztiak baloratzen ari gara eta baita Covid pasaportea bezalako neurri kolektiboak”. Txertoa jaso dutenek izanen dute agiri hau eta gaueko aisialdi guneetara, taberna zein dantzalekuetara sartzeko aukera emanen du. Hala ere, Indurainek azaldu duen moduan, “Nafarroan oraindik ere, neurri murriztaileak ekiditeko baldintzak baditugu eta hori guztion lana izanen da”.

Osasun Kontseilariak txertoa jartzera dei egin ditu, oraindik ere txertoa jaso ez dute nafarrak, “Ekuazioa argia da, txertorik gabe eta musukorik gabe kutsatzeko eta ospitaleratua izateko aukerak biderkatzen dira” azaldu du Indurainek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!