Joanes Ilarregi, Eneko Fernandez, Sarai Robles, Xabier Silveira, Julen Zelaieta eta Iker Gorosterrazu igoko dira oholtzara eta saioaren irabazleak finalerako hirugarren txartela lortuko du. Aurreko bi finalaurrekoetako irabazleak Julio Soto eta Eneko Lazkoz izan ziren eta dagoeneko 28ko hitzorduan izanen dira. Gainontzeko 5 partaideak puntu sailkapenaren arabera lortuko dute finalean egoteko tokia eta kontuan hartuko dira hiru finalaurrekoetako sailkapenak.
Finala Iruñeko Anaitasuna kiroldegian izanen da, eta hitzordu handia izanik dagoeneko lanak aurreraturik dituzte Bertsozaleen elkartean.
Nafarroako Bertsolari Txapelketako final handirako sarrerak salgai dagoeneko beraz, baina oraindik koadroa osatzear da. Sarrerak aspaldi agortu ziren Leitzako hitzordurako, hasiera batean Herri Aretoan izan behar baitzen hori, eta hori dela eta lekuz aldatu dute azken finalaurrekoa, Leitzako Kiroldegira.
Leitzan izango dute finalerako azken txartelen lehia bertsolariek heldu den igandean, azaroaren 14an, arratsaldeko 17:30etik aurrera. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, saioaren eguneko 15:00ak bitarte. Hortik aurrera, aretoko txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira.