Gora egin du nabarmen COVID-19ak kutsatutakoen kopuruak Nafarroan, osotara 123 gaixo zenbatu baitituzte.
Dena den, egindako test kopurua oso altua da, azken 100 egunetako altuena, atzo 2.500 proba, PCR eta antigenoen test egin baitziren Nafarroa osoan. Datu guzti hauek eskutan, Nafarroako Gobernuak bere irakurketa egin du. Edozein igoera kezkagarria da, baina momentuz, igoera hauek ez dute eraginik izan ospitale gunean. Javier Remirez, Nafarroako presidenteordea da.
32 pertsona daude une honetan ingresatuta, haietako 6 larri daude ZIUn. Zenbaki honek azken asteotan ez du aldaketarik izan. Atzo tamalez pertsona bat hil zen koronabirusaren ondorioz, eta 3 herritar zendu dira azken 14 egunetan gaitzaren eraginez.
Egun bizi den egoera aurretik izandako olatuenarekiko bestelakoa da, udaz geroztik, egoera aldatu baita. Harreman sozialak handitu dira, ia ez dago neurririk jendearekin elkartzeko orduan, musukoa soilik espazio itxietan erabiltzen da… Faktore guzti hauek ordea ez dute kontroletik ihesarazi gaitza. Tartean, txertoa dagoelako. Ukaezina da, txertaketak duen eragina, egun ospitalera eramaten dituzten kasu ia guztiak txertatu gabeko pertsonak baitira. Horregatik Nafarroako Gobernuak, dei berezia egin nahi izan du gaurkoan: orain arte txertoa jaso ez dutenek, hitzordua eska dezatela. Beraiengatik eta bere ingurukoengatik.
Txertaketan aurrera egiten jarraitu eta batez ere, geratzen diren neurri apurrak betez. Zuhurtzia eskatu du exekutiboak, batez ere espazio itxietan, bertan gertatzen ari baitira kutsatze gehienak.
Nafarroako Gobernuak, momentuz ez du neurri murriztailerik aplikatzeko asmorik. Hori bai, egoerak okerrerat eginen balu, Remirezek ez du baztertu bestelako neurriren bat hartu behar izatea, eta horretarako kutsatzeak baino, ospitaletako egoera izanen du irizpide Gobernuak.