Nafarroako Gobernuak iragarritako LEPa "erabat urria" dela salatu du ELAk

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 9a, 07:49

Nafarroako ELAko ordezkariak, artxiboko irudi batean.

ELA sindikatuak adierazi duenez, Nafarroako Gobernuak iragarritako 1.160 lanpostuko lan-eskaintza publikoa "erabat eskasa" da, eta exekutiboa “ez dago prest urrats orokor, erreal eta eraginkorrik emateko behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten sektore publikoko 15.000 langile baino gehiago sendotzeko".

Astelehen honetan egindako Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean, ELAk eskatu du Nafarroako Gobernuak eta horren oinarri diren alderdi politikoek "beharrezko pausoak eman ditzatela, hemen eta Madrilen, araugintza-aldaketak bultzatzeko, aparteko sendotze-prozesuak abian jartzea ahalbidetzeko".

Gainera, finkatze-prozesu horiek "administrazio guztietan eta gure herrialdeko sektore publiko osoan egitea" eskatu du, "bermatzaileak, nahitaez bete beharrekoak eta sindikatuekin negoziatu eta adostutakoak, behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 15.000 langile baino gehiagori enplegua bermatzeko".

Era berean, "kontratazioan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzeari amaiera ematera behartzen duten mekanismoak antolatzeko" exijitu du.

ELAk ohar batean adierazi duenez, "beharrezko mobilizazioak bultzatzen jarraituko dute, behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten Nafarroako sektore publikoko 15.000 langileen benetako sendotze bermatzailea lortu arte".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!