2020ko hilabete gehienetan jantokia itxita izan den arren, Paris 365 ekimenak handituta ikusi du oinarrizko elikagaien beharrean haiengana jotzen duen pertsonen kopuruak. "Krisialdi guztietan bezala, egoerarik zailenetan direnak dira okerren pasatzen dutenak" azaldu du Myriam Gonzalez, ekimeneko arduradunak, "ERTE garaian olatua izan genuen jantokian, bapatean jende asko geratu zelako lanik gabe eta ordainketak atzeratu zirelako. Orain egoera baretu den arren, 2019an baino jende gehiago dugu jantokian".
Hori bai, beharrekin batera, herritarren elkartasuna ere hazi egin da. Pasa den urtean, Paris 365k jasotzen dituen dohaintzak %40 hazi dira.
Normaltasunaren itzulerarekin, jantokia eta txokoa berreskuratu ditu Paris 365k, orain, hotza iritsi dela eta, "Salda Beroa" ekimena ere martxan jarriko dute, etxerik gabeko pertsonei, salda beroa, lo zakuak eta mantak emateko, kalez kale.