Jagoba Arrasatek planteamendu zuhurra egin du liderraren aurka. Denboraldi honetan maiz erabili duen 4-1-4-1 eskemara itzuli da, aldaketa adierazgarri batekin: Moncayolaren eta Torroren posizioak trukatu ditu. Orain arte ez bezala, Moncayolak atzean jokatu du, defentsaren aurretik; eta Torrok, aldiz, aurreraturik. Zertarako? Torrok Mikel Merino gertutik zain zezan. Bi euskarriok lekuz aldaturik, Osasunak zailtasun handiak eduki ditu sormenean. Baina defentsan ongi funtzionatu du… karanbola batek hankaz gora jarri duen arte.
Erran nahi baita, lehen zatian eta bigarrenaren hainbat minututan partida parekatua ikusi dugula. Defentsak aurrelariei gailendu zaizkie. Reala ez da eroso sentitu, eta azkenaldian egiten duen joko ikusgarria sortzeko zailtasun handiak eduki ditu. Baloiaren jabetza handiagoa izan du Osasunak baino, baina betiere gehien-gehienetan nafarren areatik urrun. Hori bai, Gazteluko plazako taldeak deus gutxi egin du erasoan norgehiagoka osoan.
Nolanahi ere, gorritxoek bi gol aukera argi eduki dituzte bigarren zatian, Kike Garciak lehendabizi -baina jokoz kanpo geratua da- eta Darkok, nabarmenago, gero. Haatik, ez dute asmatu. Eta Realak, aldiz, bai. Hirurogeita hamabigarren minutuan, kontraeraso txukun bateak eskuin hegaletik iritsi da Reala Osasunaren area ingurura. Merinori iritsi zaio baloia. David Garciak eskuin hanka astintzeko tartea utzi dio, eta Osasunako jokalari ohiak gola erdietsi du, zorte handi samarrarekin; izan ere, jaurtiketak Garciaren hanka jo du lehendabizi eta Torroren hanken artetik pasa da gero. Karanbola handi samarra izan da. Merinok ez du gola ospatu nahi izan, gero azaldu duenez, Osasunari dion errespetu eta maitasunarengatik. Karanbola horrek guztiz aldatu du partida. Ordutik eta norgehiagokaren amaierara arte gorritxoek agian denboraldi honetako minuturik okerrenak jokatu dituzte. Kontraeraso batean, penalti nabarmena egin du Unai Garciak, eta Januzajek arazorik gabe sartu du bigarrena.
Partida parekatua izan da, bai, baina hala jokatuta, Reala hartzen ari den talde handi trazarekin, gipuzkoarrek hamar partidatik hamar irabaziko lituzkete.