EH Bilduk Iruñeko Udalaren babesa eskatu du Argentinako Servini epaileak Martin Villa auzipetu dezan

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 4a, 08:04

Iruñeko EH Bilduko ordezkariak, artxiboko irudi batean.

EH Bilduk mozio bat erregistratu du Iruñeko Udalean Rodolfo Martin Villa ministro ohiaren auzipetze autoa babesteko, 1978ko Sanferminetan Espainiako Polizia Nazionalak Germán Rodríguez gazte iruindarra hil zuela eta.

Gogoratu behar da auzipetze-autoa Argentinako Maria Servini epaileak eman zuela gertakari horiengatik, bai eta Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko gertakariengatik ere.

EH Bilduk bere mozioan eskatu du Gobernu zentralak eta Espainiako Justiziak "nazioarteko araudiaren ondoriozko betebeharrak betez, prozesamendu autotik eratorritako prozesuan aktiboki parte har dezatela”.

Testuak nabarmentzen du magistratuak German Rodriguezen hilketa "frankismoak gizateriaren aurka egindako krimenen testuinguruan kokatutako krimentzat" hartu duela, hori guztia Nafarroako Parlamentuak 2019ko martxoaren 14an eta 2020ko martxoaren 9an hartutako erabakiekin bat etorriz.

EH Bilduren mozioak gogora ekartzen du Nafarroako Parlamentuak, duela bi urte, German Rodriguezen senideek, Iruñeko Peñen Federazioak, zauritutako hainbat pertsonak eta Sanfermines 78 Gogoan elkarteak 1978ko sanferminetako gertakariei buruz aurkeztutako kereila babesteko akordioa hartu zuela. "Kereila horretan Rodolfo Martin Villa, garai hartako Barne ministroa, aipatzen zen gertakari haien arduradun politiko nagusi gisa, eta akordio hori, 2020an, parlamentuak berak berretsi zuen Argentinako kereila deiturikoaren aldeko ebazpen baten bidez", azaldu du EH Bilduk.


 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!