Enpresaren itxiera eta 30 lagileen kaleratzea iragarri du Cirmautoko zuzendaritzak

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 4a, 07:38

Cirmauto (Argazkia: ELA)

Iragarpen horren aitzinean, ELA sindikatuak greba mugagabea deitu du ostegunerako. Enpresako hiru ordezkari sindikalak sindikatu horretakoak dira. 

Enpresaren itxiera eta 30 lagileen kaleratzea iragarri du Cirmautoko zuzendaritzak

Cordovillan ibilgailuak konpondu eta saltzen dituen Cirmauto enpresako zuzendaritzak urriaren 25ean eman zien langileen ordezkariei (ELAko hiru ordezkari) enplegu-erregulazioko espediente bat hasteko nahitaezko dokumentazioa, enpresa itxi eta plantilla osatzen duten 30 pertsonak kaleratzeko asmoz.

Egoera horren aurrean, ELA sindikatuak greba mugagabea deitu du ostegunerako. Sindikatuak ohar batean adierazi duenez, "hasitako kontsulta-aldian agerian geratu da enpresak ez duela inolako borondaterik neurri ez hain traumatikoak negoziatzeko, ezta ixteko arrazoiak justifikatzeko ere".

ELAren ustez, "ez dago arrazoirik urtero 8 milioi eurotik gorako diru-sarrerak izan dituen enpresa bat ixteko", eta "erabat suspertzen ari den sektore batean enplegua ez suntsitzeko borrokatuko du".

Sindikatuak dagoeneko erregistratu du grebaren aurreabisua, eta enpresari jakinarazi dio ostegun honetatik, azaroaren 4tik, langileek greba mugagabea egingo dutela, "euren lanpostuen alde".

Gainera, "erkidegoan enplegua suntsitzea ekarriko duen prozedura bat ez eragozteko" exijitu dio ELAk Nafarroako Gobernuari, "horretarako arrazoirik ematen ez duen eta negoziatzeko borondaterik ez duen enpresa batean".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!