%1,8 hazi da BPG Nafarroan urteko hirugarren hiruhilekoan

Iosu Ganuza García 2021ko urr. 29a, 10:32

Datuaren hazkundeak jarraikortasun tendentzia adierazten du eta "susperraldi ekonomikoaren isla" dela adierazi du Nafarroako Gobernuak.

Nafarroako Barne Produktu Gordina %1'8 hazi da aurtengo uztaila eta iraila bitartean. Igoera bigarren hiruhilekoan emandakoa baino apur bat apalagoa da baina indikadore ekonomikoaren hazkunde tendentziari eusten dio datuak. 

Elma Saiz Ogasun kontseilariak eman ditu aditzera datuak prentsaurrekoan. Iazko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, Nafarroako BPGren hazkundea ere handitu egin da, % 4,1 hain zuzen ere, baina alderaketa orduan pandemia kontrolatzeko zeuden baldintza eta neurri ezarri zirela kontuan hartuta egin behar da.

Ildo horretan, Saizen hitzetan, 2019ko laugarren hiruhilekoko BPGa erreferentzia gisa hartuta, ekonomiaren suspertze-erritmoa baloratzeko, atzeman daiteke Nafarroako jarduera COVID aurreko mailara hurbiltzen ari dela pixkanaka. BPGren arrakala %2,3 negatiboraino estutu da, hau da, urteko bigarren hiruhilekoan baino ehuneko 1,7 puntu gutxiago, "foru-ekonomiaren normalizazio progresiboaren isla".

Gaur eginiko aurreikuspenaren arabera, Nafarroako ekonomia krisi aurreko balioetara itzul liteke 2022ko lehen erdian, baina sailburuak ohartarazi du egungo egoerak datozen hiruhilekoetarako aurreikuspenak beherantz bidera ditzaketen hainbat arrisku eta ziurgabetasun dituela. Arrisku horien artean, zenbait herrialdeetan txertaketaren aurrerapen motelak eragindako osasun-arriskuak, eskaintza-talkak, inflazioa eta krisi energetikoak Txinako ekonomian eragin duen desazelerazioa aipatu ditu.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!