Defentsan maisu lezioa eskaini du Jagoba Arrasateren taldeak. Datu bat: Real Madrilek hiru jaurtiketa soilik egin ditu atera. Sergio Herrerak apenas izan duen lanik.
Beste norgehiagoka batzuetan ez bezala, goian presionatzeari uko egin dio, eta taldea atzerago paratu du Berriatukoak, hiru erdiko atzelarirekin. Ikusgarria Unai eta Dabid Garciak zein Juan Cruzek egindako lana. Min harturiko Aridaneren falta inork ez zuen atzeman. Nabarmentzekoa, halaber, eskuin hegalean, Nacho Vidalek Viniciusen aitzinean erakutsitako maila.
Sormenean apalago aritu dira gorritxoak. Torrok, Moncayolak, Javi Martinezek lan eskerga egin dute defentsan, baina apenas agertu diren erasoan.
Kike Garcia eta Tximi Avila lehendabizikoz aritu dira hasieratik elkarrekin. Gogor borrokatu dira biok ala biok. Hain justu Garciak berreskuraturiko baloi batetik iritsi da partidako gol aukerarik argiena. Kontraeraso azkarrean Tximiri eman dio. Argentinarrak erdiraketa bikaina egin du arearen bihotzera, eta bigarren zutoinean, errazena gola sartzea zirudielarik, Moncayolak baloia zutoinera bidali du.
Norgehiagokaren amaieran kexu azaldu dira Real Madrileko entrenatzailea eta zenbait jokalari, epaileak behar baino luzapen motzagoa agindu duelakoan, Osasunak denbora asko galdu duelakoan. Talde nafarrak 10 falta egin zituen norgehiagoka osoan. Apenas eduki zuen baloia. Ez zuen denbora galtzeko aukerarik ere izan. Gainera, partida ikusita, norgehiagokak 180 minutu iraunez gero ere Real Madrilek ez zukeela golik sartuko ematen zuen.