Ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duen araudian parrafo bat kentzea proposatu du Ezkerrak. Ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeak finantzazio publikotik at utzi nahi dituzte, eta horretarako gobernua itunak luzatzeko duen aukera ezabatu nahi du legetik.
Gobernua ez dago ados, uste baitu neurri bermatzailea dela ikasleentzat, eta ez dela komeni ikasle horiek matrikulatu zirenean zeuden baldintzak aldatzea.
Ikasleak sexuaren, ideologiaren edota arrazoi ekonomikoen arabera banatzen dituzten ikastetxeekin itunak ekiditeko neurriak hartzeko konpromisoa hartu zuten akordio programatikoan PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta Ezkerrak. Puntu hori urratzen ari direla uste du Ezkerrak.
Geroa Bai ez da hain sendoa izan, baina zalantzak ditu gobernuak haren iritzia argudiatzeko erabili duen txostenarekin. Galdera bat erregistratu dute gaur Mahai eta Eledunen batzordean, eta Osoko Bilkuran erantzun beharko du Nafarroako Gobernuak.