Akordioak bete behar direla ohartarazi die Geroa Baik kideei

Lohizune Amatria Zabalza 2021ko urr. 25a, 14:02

Koalizio gobernuen ereduaren aldeko konpromisoa agertu du Geroa Baik, parlamentuan. "Aldaketaren gobernuaren" eredua defendatu du alderdiak; PSNk, aldiz, "duela bi urte hasitako bidearen aldeko apostua" berretsi du.

Maria Txibiteren ber-izendapenak erdigunera ekarri du PSN egungo Nafarroako Gobernuaren egituran, eta gaur hauteskunde kutsua hartu duen adierazpenean, ohartarazpena egin nahi izan dio Geroa Baik PSNri. Koalizio gobernuren ereduaren aldeko konpromisoa agertu du Maria Solanak, baina gobernuak aurrera eginen badu akordio programatikoa bete behar dela adierazi du. 

Eskumenen transferentzia egin dadin edota euskararen legea bete dadin eskatu dizkio, besteak beste, Solanak gobernuari. Aurrekontuetarako aurreakordioa itxi dute dagoeneko gobernu kideek, eta zentzu horretan, aldiz, pozik agertu da Geroa Baiko parlamentaria. 

Sozialistak, aldiz, lidergoan mantendu nahian une itxaropentsua bizi dutela agertu dira kazetarien aurrean. Gobernu kideek egindako kritikak aipatu ere egin gabe. Duela bi urte eta erdi hasitako bidearen aldeko apustua berretsi dute zuzendaritza federalak eta militanteek Ramon Alzorrizen iritziz. 

Navarra Sumak, aldiz, uste du botoak galduko dituela PSNk egungo ereduarekin, EH Bildu zuritzen ari delako, aurrekontuen inguruko akordioekin. Txibite gezurtitzat salatu dute, eta mozio bat aurkeztu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuei eskatzeko ez dezatela EH Bildurekin akordiorik egin, ETA gaitzesten ez duten bitartean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!