Adostasun giroa, aurrekontuen negoziazioan

Lohizune Amatria Zabalza 2021ko urr. 25a, 10:01

2020ko aurrekontuak onartzeko gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioaren sinaduraren une bat.

Urratsez urrats gero eta gertuago ditu Nafarroako Gobernuak 2022rako aurrekontuak. PSNk eta Geroa Baik aurrekontuen inguruko akordioa itxi dute dagoeneko. Aurreproiektua asteazkenean aurkeztuko dute. EH Bildurekin bilerak "bide onetik" doaz; bihar dute hirugarren bilera.

Eztabaida eragin duten puntuak izan dira PSN eta Geroa Bai gobernukideen artean 2022rako aurrekontuen aurreproiektua osatzeko negoziazioan. Baina gobernu barruan konpondu dituzte, zaratarik eragin gabe. Aurreproiektua eginda, babesa bilatzea du hurrengo pausua gobernuak. Gutxiengoan, oposizioaren baiezkoa edo abstentzioa ezinbestekoa baitu. Kasu horretan, badirudi aurreko bi urteetan bezala desadostasunak gaindituko dituela EH Bildurekin akordioa lortzeko. 

Navarra Suma ekuaziotik aldendu da. Ostiralean bilerara deitu zituen gobernuak oposizioko bi alderdiak, eta eskuina ez zen bertaratu. EH Bildurekin, berriz, hasi dira edukien gainean hitz egiten. Bi aldeak baikor agertu ziren bileraren ondotik. EH Bilduko Adolfo Araizek adostasun giroa nabarmendu du, eta azaldu du zenbait gaietan sakontzen hasi direla.

Nafarroako Gobernuak nabarmendu du "gertutasun handia" dagoela zenbait gaietan. Beste batzuetan jarrerak urrunago daudela dio. Bihar bilduko dira berriro, aztertzeko zein gaitan jarrai dezaketen aurrera.

PSN, gehiengo sozialen alde

Ez du lan erraza izan PSNk EH Bildurekin akordioak egitea, alderdi barruan; baina horiek ere gainditu dituela ikusi da asteburu honetan. Nafarroak aurrera egiten du lelopean, PSNk XII. batzarra egin du Iruñeko Baluarte batzar jauregian, eta "adostasunen eta gehiengo sozialaren" alderdi gisa agertu da PSN azken txosten politikoan. Ezustekorik gabe Maria Txibite berriro hautatu dute idazkari nagusi, botoen %97,22 lortuta. 

Ibai Fernandez Noticias egunkariko kazetari eta irratiko kolaboratzaileak atzo nabarmendu zuenez, Nafarroako sozialismoak ulertu du egungo Gobernuaren formula dela, gaur-gaurkoz, boterea bermatzen dion bide bakarra eta konturatu da uste baino askoz ere errazagoa eta erosoagoa dela.

Ezkerrak akordioa babestu du

Gobernu kideen artean gutxi dira azkenaldian kritikak, eta akordio programatikoaren sinatzaile den Ezkerrak ere ereduaren de defentsa egin du asteburuan. 

Koalizioko kide den Ezker Batuak berritze ekitaldia egin du, eta Carlos Guzman koordinatzaile nagusi berriak Marisa de Simonen lekukoa hartu du. Hitzaldian "egungo Nafarroako Gobernuari sostengua ematen dion akordio politikoa garatzeko konpromisoa" berretsi zuen. Foru Exekutiboak "pandemiaren unerik gogorrenetan egindako kudeaketa ona" baloratu zuen, baina "bizkortasun handiagoa" eskatu zuen akordio programatikoa betetzeko eta "ezkerretik sakontzeko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!