Osasunbideak 118.000 emakume deituko ditu bularreko minbizia atzemateko probak egiteko

Iosu Ganuza 2021ko urr. 19a, 08:00

Gaur ospatzen da Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko eguna eta Osasunbideak jakinarazi du 1951 eta 1977 urteen artean jaiotako 118.000 emakume inguru deituko dituela gaitz hau atzemateko hamaseigarren kanpainan. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren Memoriak jasotako behin-behineko datuen arabera iaz, 121 kasu diagnostikatu ziren Nafarroan, % 17 ez-inbaditzaileak zirelarik eta % 43 lehen estadioan atzeman zituzten. 

Hamaseigarren kanpaina ekainean abiatu zen eta 2023ko abuztuan amaituko da. Zehazki hemezortzi mila eta berrogeita bederatzi emakumek jasoko dute miaketa egiteko gorde zaien eguna eta ordua zehazten dituen gutun pertsonala etxean.

Haiekin batera, gomendio zientifikoetan oinarrituta, programan bularreko minbiziaren aurrekari familiarrak dituzten 35 eta 45 urte bitarteko emakumeak ere deituko dituze diagnostiko probak egiteko. Talde horretan sartzen dira 1978 eta 1987 artean jaiotakoak, eta gainera honako irizpide hauetakoren bat betetzen dutenak: patologia hori diagnostikatuta duen lehen mailako senide bat izatea, hau da: ama, alaba zein ahizpa, 50 urte bete baino lehen; lehen mailako bi senide diagnostikatuta izatea 60 urte bete baino lehen; zein alde biko bularreko minbizia duen lehen mailako senide bat izatea, diagnostikatu zen adina edozein izanda ere.

Baldintza hauek betetzen dituzten baina adintartean aintzat hartuta ez dauden emakumeei, Osasunbideak gomendatzen die 848 42 34 98 telefonoarekin harremanean jartzeko, Bularreko Minbiziaren aurkako programan hartatuak izan daitezen.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!