Martin Villa auzipetu du Servini epaileak

Euskalerria Irratia 2021ko urr. 18a, 11:15

Gasteizeko Martxoaren 3ko eta German Rodriguezen hilketak hartu ditu oinarri nagusi gisa Argentinako epaileak. 78ko Sanferminak Gogoan! ekimenak pozarren hartu du albistea. 

Maria Servini epailearen autoa irakurtzen ari da oraindik ere 78ko Sanferminak Gogoan plataforma. Orrialde asko ditu eta tentuz irakurri nahi dute; hala ere, hasierako irakurraldi baten ostean, mugarria izanen dela uste dute. Hala adierazi dio Presen Zubillaga kideak Euskalerria Irratiari.

Lorpentzat jo du Rodolfo Martin Millaren auzipetzea plataformak, eta Nafarroan, Euskal Herrian eta Espainiar Estatuan memoriaren sustapenaren alde lan egin duten eragileei egotzi die. Martin Villari egotzitakoak "gizateriaren aurkako delitu" izendatu ditu Servinik. Iazko irailean deklaratu zuen Martin Villak Servini epailaren aurrean, eta ia urtebete geroago hartu du erabakia.

Azken urte hauetan, asko dira Argentinako kereia babestu dutenak, Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua, besteak beste. Baina asko dira ere Espainiako Gobernutik jaso dituen trabak. Espainiak momentuz ez du adierazpenik egin, baina bidea zaila izanen dela ohartarazi du Zubillagak: "Villaren abokatuek helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute eta memoria demokratikoaren legearen zirriborroak preskripzioaren printzipioa jasotzen du".

Bihar prentsaurrekoa eskainiko dute balorazio zabalago bat egiteko.

Plataforma zoriondu dute Nafarroako Parlamentuan

Mahai eta Eldunen batzordea bildu da gaur Nafarroako Parlamentuan, eta ondorengo adierazpenetan plataformak egindako lana eskertu dute Izquierda-Ezkerra, Ahal Dugu, EH Bildu eta Geroa Bai taldeek. Besteak beste, German Rodrguezen hilketa argitzeko lan egiten duen taldeak egindako lanaren ondorio da Argentinako epaileak erabakitakoa, gogora ekarri dutenez. Baina 40 urte baino gehiagoren ondotik iristea deitoratu dute parlamentariek.

Urteetan izandako zigorgabetasuna gainditzeko zirrikitua gainditzeko urratsa izan dadin eskatu dute Ezkerrak, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Duguk. Prozedimendua errespetatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

PSN guztientzako egia, justizia eta erreparazioa eskatzera mugatu da. Navarra Sumak, aldiz, zentzugabekeriatzat jo du Espainiatik kanpo epaitzea egoera. Amnistiaren legea denentzat izan dela ekarri du gogora, eta Espainiako legedia errespetatzeko eskatu du. Navarra Sumak ez du bat egiten Martin Villa gizateriaren aurkako krimenen erantzule dela dioen premisarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!