Osasunari sailkapenaren goialdeak bertigorik ematen ote zion probatzeko norgehiagoka egokia zen atzokoa. Sailkapenaren goialdean egoteak eta aurkari handien aurka lehiatzeak jokalariak urduritzen zituen ikustekoa. Eta Jagoba Arrasateren taldeak ez zuen hutsik egin.
Berriatuako entrenatzaileak eskema aldaketa egin zuen, Unai Emeryren talde bikainari aurre egiteko. Emeryren gizonek baloia jokatzeko duten erraztasunaren jakitun, bost gizoneko defentsarekin jokatu zuen.
Lehen zati bikain batean, Osasuna ederki aritu zen eraispen lanetan, Villarreali gol aukerarik sortzeko zirrikiturik apenas utzi gabe. Eta erasoan ere oso txukun aritu zen, batez ere hegaletako erdiraketen bitartez.
Hain justu eskuin hegaletik egindako pase baten bidez iritsi zen gorritxoen lehen gola, 26. minutuan. Area barruan, Manu Sanchezek buruz atzera eman zion baloia Lucas Torrori, erdilariak jaurtiketa indartsu baten bitartez sarera zezan.
Lehen zatian, gol aukera gehiago izan zituzten gorritxoek, baina ez zituzten baliatu. ETa bigarrenean estualdiak iritsi ziren. 55. Minutuan Gerard Morenok Villarrealen gola erdietsi zuen, bolea ikusgarriz. Eta hortik aurrera bizi izan zituen talde nafarrak minuturik itogarrienak. Villarrealek hobeki eta azkarrago mugitu zuen baloia, eta behin eta berriro eragin zuen arriskua gelditu bikainak egin zituen Sergio Herreraren ate inguruan.
Norgehiagokaren azken txanpan, 86. minutuan, baina, Manu Sanchezen presiopean, Mandi atzelariak baloia Chimy Avilari oparitu zion, eta argentinarra, atezainaren aurrean bakarrik, baloia sareetara bidali zuen.
Gorritxoek neurketa bikaina egin bazuten ere, ezin esan garaipena merezi izan zutenik, talde valentziarra gehiago izan baitzen haiek baino. Zortea lagun, beraz, Zeramikaren futbol zelaian, etxeko zenbait partidatan ez bezala.
Bertigorik gabe, Osasunak gora begira segitzen du sailkapenean, 17 punturekin, bosgarren postuan, lidegotik hiru puntura, jaitsieratik 12ra.