Birbiktimizazioa, beste behin ere

Juan Kruz Lakasta 2021ko urr. 8a, 07:46

Nafarroako Auzitegiko bigarren sekziora bidali zuen Jose Angel Prendak barkamen eskaeraren idazkia.

Egindako delitua aitortu, damua azaldu eta biktimari barkamena eskatu dio Jose Angel Prendak. 2016ko uztailaren zazpian emakume bat bortxatu zuten bost gizonetako bat da Prenda. Cadizko Puerto III espetxean preso dago. Uztailaren 22an dataturiko eskutitza Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekziora bidali zuen, eta biktimari helaraz ziezaiotela eskatu.

Delitua aitortu, damua zaladu eta barkamena eskatzen duen lehen aldia da. Orain arte, behin eta berriz ukatu izan baitu gertaturikoa bortxaketa izan zela. Behin eta berriz jarri du kolokan biktimaren sinesgarritasuna eta, hartara, biktimaren biktima izaera bera.

Prendari hamabost urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Zigorraren laurdena bete du. Eta baimenak eskatzen has daiteke. Baimen horiek eman ala ez erabakitzeko tenorean, espetxeko tratamendu batzordeak faktore positibotzat baloratu ohi ditu delituaren onarpena eta barkamen eskaera. Adituen arabera, ez da ezinbesteko baldintza, baina asko lagun dezake.

Auzitegira bidalitako idazkia Prendaren inguruak filtratu die komunikabideei, espetxeko tratamendu batzordeak Prendaren bi baimen eskaerari ezetz erantzun eta gero.

Bistan da Prendak eta bere inguruak biktima beste behin ere atentzio mediatikoaren fokupean jarri dutela. Eta hala bir-biktimizazioa eragin diotela, horrek dakarren sufrimendu guztiarekin.

Bistan da hedabideek beste behin ere amua irentsi dutela eta Prendaren jokoan sartu direla. Edo sartu garela, gu geu ere honetaz ari baikara, gertatu dena ahalik eta zorrotzen azaltzen saiatu bagara ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!