Musika ikuskizun onenaren Max saria irabazi du Demode-k

Euskalerria Irratia 2021ko urr. 5a, 11:02

Joxean Sagastizabalen nobelan oinarritutako Kutsidazu bidea Ixabel obra saritu dute. 

Demode Produkzioak taldearen Kutsidazu bidea Ixabel obrak jaso du Espainiako Arte Eszenikoetako musika ikuskizunik onenaren Max saria. Atzo gauean egin zuten gala, Bilboko Arriaga antzokian. Antzoki horretan bertan estrainatu zuten Joxean Sagastizabalen nobela oinarritutako lana, 2020ko urrian.

Euskara maila hobetzea helburu hartuta mendi puntan galdutako baserri batera joatea erabakitzen duen Juan Martín donostiar gaztearen uda kontatzen du musikalak. Bi auziri egin beharko die aurre: batetik, hizkuntza-arazoak ditu, eta, bestetik, landa-inguruneaz ezer gutxi daki. Horrez gain, Ixabel familiako alaba erakargarriak ordura arte ezezagunak zituen sentimenduak piztuko dizkio, eta inguruak ere zur eta lur utziko du, izan ere, musikaren bidez komunikatuko da berarekin: zuhaitzak rap doinuan, sagarrak “a kuppela” abesten eta behiak dantzan.

Momentuz Nafarroan ez dute emanaldirik aurreikusita. Max saria irabazi ondorengo lehenengo pasea Basaurin eskainiko du Demode-k, urriaren 12an.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!