Gorritxoak bosgarrenak dira sailkapenean, 14 punturekin, eta hartara Europako Liga jokatzeko eskubidea ematen duen tokian.
Hori gutxi balitz, lehen postutik hiru puntura daude, garaipen bakarrera. Eta jaitsiera hamar puntura daukate.
Osasunaren horren Liga hasiera ona ikusteko 2005-2006 denboraldira joan behar dugu. Orduan, Javier Agirre mexikarrak zuzenduriko taldea Kopako Finalera eta UEFAko finalerdietara iritsi zen.
Datorren asteburuan ez da jardunaldirik izanen, selekzioek jokatzen dutela eta.
Hurrengo jardunaldietan Osasunari zailagoa suerta dakoioke sailkapeneko goi postu horietara eustea; izan ere, egutegi nahikoa.
Vilarreal eta Granadaren aurka jokatu eta gero, jarraian Real Madril, Sevilla, Reala eta Madrilgo Atletico izanen ditu aurkari.
Rayoren aurkako garaipena, azken minutuan
Gehienek espero zuten, edo espero genuenaren kontra, gol aukera urriko eta kontrol handiko norgehiagoka izan zen larunbatean, Osasunaren eta Vallecasko Rayoren artekoa.
Larunbatera arte, bi taldeok joko alaia egiten ari ziren, gol aukera asko sortzen, gol ugari sartzen. Sadarren, baina, bi taldeak finago aritu ziren eraispen lanetan sormen lanetan baino.
Nolanahi ere, talde nafarrak abagune argi gehiago izan zituen madrildarrak baino. Lehen zatian, Kike Garciak eta Lucas Torrok bana izan zuten. Bigarrenean, Torrok berak beste bat gozatu zuen.
Norgehiagoka berdinketan amaituko zela zirudielarik, ordea, 90. Minutuan, Kotek erdiraketa bikaina egin zuen ezker hegaletik, eta area inor espero ez zuen Manu Sanchezek burukada eder batez baloia sareetara bidali zuen.
Poz bete-betea Sadarren, aspaldiko partez 19.000 zalek betetzen zuten fitbol zelaian, Eñaut Agirrebengoak bere Berrikao kronikan titulatu zuen bezala.
Nabarmentzeko modukoa Unai Garciaren lana erdiko atzelari moduan, Aridaneren baja betez. Baita Lucas Torrorena ere. Euskarrian, eraispenean zein sormenean, alimaleko lana egin baitzuen.
Arrasate, kontent zaleengatik
Norgehiagokaren amaieran, Jagoba Arrasate kontent azaldu zen, etxean lorturiko lehen garaipena milaka zaleren aitzinean erdietsi zutelako.
Nolanahi ere, partidan nagusi izatea ez zutela lortu aitortu zuen Berriatuakoak.
Edonola ere, 14 punturekin iritsi da Osasuna selekzioen bigarren geldialdi honetara.
Chimy Avilaren aurkako oihuak
Bai; izan ere, Indar Gorri peñako kideak harmailetara itzuli ziren larunbatean. Eta argi utzi zuten ez zaiela ahantzi udan, Avilak Santiago Abascal eskuin muturreko liderraren elastiko bat jantzi, argazkia egin, eta sare sozialetara igo zuela.
Txistuka hartu zuten aurrelari argentinarra, eta alde egin zezala oihukatu zioten. Beste zale askok txalo beroak jo zizkioten.
Jagoba Arrasateri gertaturikoa ez zitzaion gustatu, partidaren ondotik adierazi zuenez. Gaurko foru prentsan Sabalza presidentearen iritzia irakurri ahal izan dugu. Hari ere ez zaizkio gustatu txistuak, eta gogora ekarri du Avilak bere garaian barkamena eskatu zuela sare sozialetan.