Zer egin dezakegu gaurtik aurrera?

Euskalerria Irratia 2021ko urr. 1a, 10:33

Koronabirusaren aurkako neurri murriztaileak bertan behera gelditu dira Nafarroan gauerditik aurrera. Horrek hainbat galdera, zalantza sortu ditu herritarren artean. Horiei erantzuten ahalegindu gara. 

-Ostalaritzan, tabernetan barran kontsumitzerik dugu?

Bai, murrizketak altxatzearekin batera, tabernetako barrak berreskuratzen dira urtebete pasa eta gero. Hemen hartu ahal izango ditugu kontsumizioak zutik, pandemia aurreko egoerara itzuliz, hori bai, edaten edo jaten ez gaudenean musukoa jarrita.


-Zein ordutegirekin?

Ohiko taberna, kafetegi eta jatetxeak gaueko ordubiak arte izanen dira zabalik, baimen bereziko tabernak ordea hirurak arte. Dantzaleku eta gau giroko tabernetan, sei terdiak arte egon gaitezke bertan.


-Dantzalekuetan dantzatzerik dago. Maskararekin?

Bai, maskara dantza egin beharko dugu asteburu honetatik aurrera. Dantzalekuek ez dute COVID19 dela eta edukiera mugarik izanen, zutik egon gaitezke dantzan, ahal eta nahi duenak behintzat, bainan esan bezala, beti musukoa jarrita.


-Mahai bakoitzean zenbat eseri gaitezke?

Neurrien amaierarekin muga hau erortzen da hemendik aurrera, mahaiaren tamainak eta tabernako jabeak baimentzen duten jende kopurua elkartu ahalko gara mahai bueltan.


-Elkarte eta peñetan, zein da egoera?

Ostalaritzako beste lokalek dituzten neurri berberak aplikatzen zaizkie peñei, beraz, ez dute edukiera mugarik, ezta ordutegirik ere baina musukoa jantzita egon beharko gara barrukaldean.


-Etxabeetan?

Hauetan ere mugarik ez, hori bai, duela bi aste bezala, soilik udalen baimena duten etxabeek irekiko dute.


-Kontzertuei dagokienez, zutik egoterik dugu?
Bai. Dantzalekuetan bezala, kontzertuetaz zutik gozatzeko aukera izanen dugu berriz ere. Hori bai, musukoa jarrita.

 
-Kalean, erretzerik al dago?

Soilik beste pertsonekiko bi metroko aldea uzterik dagoenean. Erretzaileei eragiten dien foru dekretua indarrean mantenduko da, beraz tabernetako terrazetan ere, ezingo da erre.


-Botila festak baimenduta daude?

Ez, botila festak, pandemia aurretik ere debekatuta zeuden.


-COVID pasaportea eskatuko al digute inon?

Ez. Nafarroan ez da ezarri pasaporte berdea deritzona, txertatuak gauden ala ez zehazten duena, ostatu, taberna edota dantzalekuetan sartzeko.


-Kanpoko kirol ikuskizunetan %100eko edukiera berreskuratu dira. Sadarren, esaterako, mugaren bat al dago?

Bai, lehendabiziko partida hau bazkaltzeko orduan izan arren, estatuak ez dio baimenik eman harmailetan bokadilloak eta edariak kontsumitzeari. Soilik, Sadarren bertan erositako ura izanen da baimenduta. Bitxia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!