Neurri murriztaile guztiak bertan behera utziko ditu Nafarroako Gobernuak ostiralean

Euskalerria Irratia 2021ko ira. 28a, 12:00

Maria Txibite lehendakaria, gaurko agerraldian, neurri murriztaileen amaiera iragartzen.
  • Urriaren batetik aurrera, tabernetako barran kontsumitu ahal izanen da, dantzalekuetan dantzatu eta kontzertuetan zutik egon.  
  • Lehen Hezkuntzan ez da talde osoa konfinatuko positibo bat atzematen delarik.
  • Musukoa erabiltzen segitu beharko da barrualdeetan, eta kanpoaldean 1,5 metroko distantzia ez dagoelarik.

Nafarroako Gobernuak pandemiaren aurkako neurri murriztaile eta foru agindu guztiak bertan behera utziko ditu ostiraletik aurrera, hezkuntzari eta kirolari dagozkionak izan ezik. Maria Txibite lehendakariaren arabera, “nafarrek pandemiari eman dioten erantzuna erabakigarria izan da, agertoki berrira salto egin ahal izateko”

Beraz, ostalaritzan, komertzioan, kultur jardueretan pandemiaren aurreko edukiera eta ordutegietara itzuliko gara. Ostatuetan barran kontsumitzerik izanen da. Dantzalekuetan dantzatu ahal izanen da. Kontzertuetan zutik egon ahal izanen da.

Hezkuntzari dagokionez, Lehen Hezkuntzan jada ez dute talde osoa konfinatuko positibo bat atzematen dutelarik. Horren ordez, talde osoko ikasleei koronabirusa atzemateko probak eginen dizkiete. Kirolarekin zer eginen duten erabakitzeko, gainontzeko erkidegoekin bilerak eginen dituzte.

Foru aginduak bertan behera geratuko dira, beraz, baina ez ordea Espainiako Gobernuaren arauak, musukoaren erabilerari buruzkoak. Barrualdeetan jantzi beharko da. Eta kanpoaldean ere bai, baldin eta metro eta erdiko distantzia ezin bada mantendu.

Aurrez aurreko arreta Osasunbidean

Santos Indurain kontseilariak azaldu duenez, egoera pandemikoa egonkorra da. Nafarroan kutsatze kopuruak behera egin du azken hamar asteotan etenik gabe. Positibotasuna %2koa izan da azken hamar egunean. 14 egunean pilaturiko intzidentzia 100.000 biztanleko 53koa zen atzo. Sarri 50etik jaitsiko da. Arriskua, beraz, baxua da. Hamabi lagun daude ZIUetan. 27 ospitaleraturik. Atzo 25 positibo atzeman zituzten Nafarroa Garaian.

Hobekuntzan, txertaketa erabakigarria izan dela gaineratu du Osasun kontseilarial, “2.900 kutsatze eta 1.300 hildako eragotzi baititu”. Hamar nafarretik bederatzik jaso dute txerto osoa. “Birusak zirkulazioan segituko du, baina osasunean eragin urriagoa edukiko du”, azaldu du.

Osasun Sistema Publikoari dagokionez, Santos Indurainen arabera orain xedea aurrez-aurreko arreta maila guztietan berreskuratzea da, ahalik eta lasterren.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!