Nafarroako Volkswagenek Taigo ibilgailu berria seriean ekoizteari ekin dio gaur. Europa osoan salduko da, eta Landabenen soilik ekoitzi.
Maria Txibite lehendakariak, Mikel Irujo Garapen Ekonomikorako kontseilariak eta Alfredo Morales enpresa batzordeko presidenteak parte hartu dute lantegian ekoizpenaren hasieraren karietara egindako ekitaldi berezian. Haien aitzinean, Volkswagen Nafarroako presidente Markus Hauptek eredu berri horrek lantegiaren etorkizunerako duen "garrantzia" azpimarratu du.
"Volkswagen Navarra Volkswagen Taldearen erreferentziazko lantegietako bat da. Eredu berri honen etorrerak langileria egiten ari den lan bikaina berresten du eta etorkizunerako bermea da fabrikarentzat ", adierazi du Haupt-ek.
Ekoizpen lerroak egokitzeko azken hilabeteetan egindako "ahalegina" azpimarratu du zuzendariak. "Fabrikaren eraginkortasuna eta produktibitatea mantentzea lortu dugu, hirugarren eredu hori gaur egun Poloa eta T-Cross lotzen diren lineetan integratuz", azpimarratu du.
Taigo berriarekin, Volkswagenen Nafarroako fabrikak, historian lehen aldiz, hiru modelo ekoitziko ditu aldi berean, konpainiak ohar batean azaldu duenez.
Zehazki, Landabengo lantegiak 1984tik ekoizten du Poloa. Hogeita hamalau urtez etengabe modelo hau ekoizten aritu ondoren, 2018ko abenduan Volkswagen Navarrak T-Cross, hiriko SUV baten ekoizpena bere gain hartu zuen. Orain, "lantegiaren historian mugarri" den hirugarren modelo horren etorrera hartuko du lantegiak.