Etxean uso, kalean otso. Halaxe dabil Osasuna liga hasieran. Hiru irteeretan beste horrenbeste garaipen lortu ditu, etxean jokaturiko lauetan bakar bat ere erdietsi gabe.
Atzo garaipena 88. minutuan Javi Martinezek maisuki sareraturiko baloiaren eskutik iritsi zen. Baina, partida emaitzaren arabera ez ezik jokoa aintzat hartuz ere epaitzen badugu, ezin aipatzeke utzi gorritxoek, beste behin ere, akats larrriak egin zituztela atzealdean, eta zoria alde ere eduki zutela hiru puntuak patrikaratzeko tenorean.
Ligako lehen zazpi jardunaldietan 11 gol jaso dituzte. Levantek soilik jaso ditu gehiago: 12.Taldeak badu zer landua Taxoareko entrenamenduetan.
Hasierako hamaikakoan sei aldaketa egin zituen Arrasatek. Areso, Kote, Oier, Javi Martinez, Iñigo Perez eta Tximi Avila hasieratik ikusi genituen.
Norgehiagoka hasi eta gutxira Kotek goltzarra erdietsi zuen, ezkerkada zital baten bitartez. Jarraian, gaizki defendaturiko bi kornerretan Mallorcak buelta eman zion emaitzari. Eta Sergio Herreraren gelditu bikainek soilik ekidin zuten gol gehiago jasotzea.
Bigarren zatian, ordenatuago jokatu zuten bi taldeek. Falta jaurtiketa eder batean Iñigo Perezek bi eta bikoa sartu zuen. 88.ean Javi Martinezek garaipenaren gola sartu eta gero, Unai Garciak penaltian egin zuen, baina jokaldia baliogabeturik geratu zen, aldez aurretik Mallorcako jokalari bat jokoz kanpo geratua zelako.
Partida mugitua, ikusgarria, entrenatzaileei gustatzen ez zaizkien horietakoak. Hurrengo aurkaria Vallecasko Rayo izanen da, larunbatean, eguerdiko ordu bietan, Sadarren. Etxean. Ikusteko taldea gai den bere zaleen aurrean uso izateari uzteko.