600 euroko isuna jarri die Guardia Zibilak bi kazetariri, Aroztegiaren aurkako irudiak hartzeagatik

Euskalerria Irratia 2021ko ira. 22a, 10:06
Argazkia: Ekinklik

Aroztegiko proiektu turistikoaren aurkako protesta batean sare sozialetako agenteen irudiak argitaratu izana leporatu die Ahotsa.info eta Ekinklik-eko langileei. Mozal Legea aplikatu zaie.

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak Ahotsa.info eta Ekinklik-eko bi kazetari grafikoren aurkako salaketa bana bidali du, apirilaren 9an aroztegiaren aurkako protestan Guardia Zibilen irudiak hartzeagatik. 

Egun hartako Ahotsa.info-ren bideoan zabaldutako irudietan ikus daitekeenez, Guardia Zibileko agenteak maskarak jantzita agertzen dira uneoro; hala ere, salaketa Espainiako militarrak identifikatu daitezkeela da. Ekinklikek argitaratutako argazki-galerian ere ezin dira guardia zibilak identifikatu. 

Zehazki, Ahotsa.info edo Ekinklik-ekin loturarik ez duen arranbela.blogspot.com webgunean argitaratutako irudien erantzunkizuna leporatzen die Guardia Zibilak.

Ahotsa.info-k eta Ekinklik-ek Mozal Legearen aplikazioan oinarritutako salaketa horien aurkako errekurtsoa jartzea erabaki dute, uste baitute informazio-askatasunaren aurkako erasoa izan dela eta ez dela inoiz guardia zibilen nortasuna publiko egin. 

Protesten egunean, Guardia Zibilak kazetari grafikoak identifikatu zituen. Izan ere, 100 euroko isuna jarri zioten Ahotsak-eko kazetariari, manifestariekin baso-soiltze lanak egiten ari ziren eremu pribatuan sartzeagatik.

Iturria: Ahotsa.info

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!