Aurrekontuen proiektuan eragin nahi du EH Bilduk; Navarra Sumak, berriz, zenbakien gainean negoziatu nahi du

Euskalerria Irratia 2021ko ira. 21a, 10:28

Nafarroak 264 milioi gehiago izanen ditu datorren urterako, eta talde guztiek begi onez ikusi dute gastu sabaiaren goratzea. Orain akordioak egiteko unea da. Lehenik gobernukideen artean, zehazteko zenbat gastatu ahalko duen departamentu bakoitzak. Ondoren, oposizioko taldeekin adostu beharko ditu gobernuak aurrekontuak. Bi aukera ditu: EH Bildu eta Navarra Suma.

Nafarroako Gobernuak zehaztu du zein izanen den datorren urterako gastu sabaia. Hau da, zenbat gastatu ahal izanen duen exekutiboak. Iaz baino ehuneko sei gehiago izanen da, 264 milioi gehiago.

Orain, gobernu kideen arteko eztabaidak hasiko dira: departamentu guztiek beren gastu proposamenak egingo dituzte. Gobernu kide bakoitzak bere departamentuaren alde eginen duela dirudi, gehien bat kontuan gastatu ahal dunen zenbatekoa handiagoa izanen dela.

Geroa Baik itxaropenez begiratzen dio negoziazioari. Ahal Duguk ere pozik hartu du sabaiaren goratzea. Baina eztabaidan mahai gainean jarriko dituenak azpimarratu ditu: fiskalitatearen inguruko hausnarketa behar da alderdi morearen ustez. Bide beretik jo du Ezkerrak ere.

Hortik aurrera, PSNk, Geroa Baik eta Ahal Duguk lege proiektua adostuta, Nafarroako Parlamentuko gainerako taldeekin negoziatu beharko dute. Gobernuak ez baitu gehiengorik.

Bi aukera ditu: azken bi urteetan bezala EH Bildu edo Navarra Sumak.PSNk adostasuna eskatu du; ulertezina litzakete kontrakoa Ramon Alozorrizen iritziz.

Azkenak EH Bildurekin adostu zituen Maria Txibiteren gobernuak. Eta badirudi aurten ere hala izan daitekeela. EH Bilduk eskua luzatu dio, baina lehen bait lehen nahi du hitz egiten hasi. Lege proiektuan ere eragiteko. 

Akordioa EH Bildurekin izanen ote den galdetuta, gobernukideek ez dute aterik itxi nahi izan. Ahal Dugu EH Bilduren proposamenetatik gertuago kokatu da; baina PSNk eta Geroa Baik ez dute Navarra Sumaren aukera baztertu.

Eskuineko hirukoak, bere aldetik, iazko diskurtsoa zertxobait aldatu du. Iaz betoa jarri zion EH Bilduri, aurten dio aurrekontu proiektua idatzita dagoenean eztabaidatzeko prest izanen direla, edukietan zentratuko direla. Hori bai  itxaropen gutxi ditu eskuinak: salatu dutenez “gobernuak EH Bildurekin duen itunak ezinezko egiten du” negoziazioa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!