Egoera epidemiologikoa hobera egiten ari da. Eta, iragarri bezala, Nafarroako Gobernua koronabirusaren aurkako neurri murriztaileak laxatzen ari da.
Joan den astean edukierak berraztertu zituzten. Aste honetan, ordutegiak. Ostiraletik aurrera, Nafarroa Garaian, dantzalekuak goizaldeko lau eta erdiak arte zabaldu ahal izanen dituzte. Baimen berezidun tabernak hirurak arte. Eta arruntak ordu biak arte. Bi ñabardura: ezinen da barran kontsumitu, eta ezinen da pistan dantzatu.
Beste berrikuntza garrantzitsu bat: gazteak haien etxabeetara, piperoetara, lokaletara itzuli ahal izanen dira. 2020ko uztailaren 18an itxi zituzten Nafarroako molde honetako 487 gazte lokalak. Duela ia 14 hilabete. Halaber, garraioan edukiera %75era igoko dute. Kalean hamar lagun baino gehiago elkartu ahal izanen dira.
Neurriok biltzen dituen foru agindua gaur bidaliko dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusira, onespena eman diezaion. Ostiralean sartuko da indarrean. Eta gutxienez irailaren 30era arte iraunen du.
Atzo, 27 positibo
Atzo 27 positibo atzeman zituzten Nafarroa Garaian, Nafarroako Gobernuaren behin behineko datuen arabera. Herenegun baino 11 gutxiago, eta joan den asteko egun berean baino 43 gutxiago.
Bi astean metaturiko intzidentzia 146an zegoen atzo. 65 pertsona zeuden ospitaleraturik. Horietako 20 Zainketa Intentsiboetako Unitateetan.
Heriotzei dagokienez, azken asteetan batez bestekoa bostekoa izaten ari zen. Baina joan den astean hildako bakarra izan zen. Beraz, horretan ere behera egiten ari dira datuak.
503.000 txertatu
Dagoeneko 503.589 nafarrek jaso dituzte txertoko dosi guztiak. Gero eta gutxiago falta dira txertatzeko. Eta hartara astean jartzen duten dosi kopurua behera egiten ari da, bereziki Martistetako eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko guneak itxi eta gero. Joan den astean 19.000 jarri zituzten. Aurrekoan, 23.500.