Egoera epidemiologikoa ez da txarra. Nafarroak 53 kasu positibo berri erregistratu ditu astearte honetan, Osasun departamentuaren datuen arabera. Aurreko egunean baino 17 kasu gutxiago izan dira, 70 izan baitziren; duela zazpi egun baino 86 gutxiago. Aste honetan % 43 jaitsi dira kasuak. Garapena baikorra da gobernuaren iritziz.
Atzo zazpi pertsona ospitaleratu zituzten, bi zaintza intentsiboen unitatean. 68 ospitaleratu, 23 larri (atzo baino bat gehaigo). Baina presioa ez da handia, agintarien esanetan.
Pertsona bat zendu zen atzo eta txertaketari dagokionez, milioi erdira gerturatzen ari da immunizazio osoa dutenen zenbatekoa. 493 mila dira.
Egoera horrela, ostiraletik aurrera Covid-19ari aurre egiteko hainbat neurri malgutuko ditu gobernuak. Kultur eta kirolarren alorrean nabarituko da bereziki, aforoak handituko dituzte eta. Kanpoko jardueretan %60koa izanen da, barrualdetan egiten direnean %40koa.
Ikastetxeetan, ere aldaketak izanen dira, haur hezkuntzako bigarren zikloko ikasleek ez dute maskara leku komunetan eraman beharko.
Indarrean dagoen agindu foralaren moldaketa bat izanen da, beraz, ez du auzitegien onarpenik behar.