Eskola jardunaldiaren afera zen zalantza gehien pizten zituena 2021-2022 ikasturteari begira; azkenean ordutegi jarraituarekin hasiko da, baina aukera egongo da egokitzeko, bi unetan: urriaren lehen hamabostaldian eta bestea gabonen ostean.
Hain zuzen ere, jardunaldiari lotutako erabakia da sindikatuek gehien kritikatu dutena. STEILAS irakaskuntza sindikatuarentzat, aurrez aurreko ereduari eusteko apustua egitea “positiboa” da; ordea, ez daude ados ikasturterako agertoki bat baino gehiago aurreikustearekin. “Eredu jakin baten aldeko apustua egiten bada, hori ikasturte osoan ezarri beharko litzateke”, adierazi du Araceli Montesek.
Haur eta lehen hezkuntzako ratioa hogei ikasletara jaitsi izana ere albiste pozgarria da STEILASko kidearentzat, baina neurri hori eznahikotzat jotzen du.
Era berean, birusaren kutsapena saihesteko ezarri diren zenbait neurrik, hala nola garbiketak eta desinfekzioak, irakasleen lan zama handituko dute; eta horren aurrean, Departamentuak baliabide nahikorik ez duela jarri salatu du Araceli Montesek.
STEILASko kidearen hitzetan, Hezkuntza Departamentuak ez du eskuzabaltasun nahikoa izan.