Nafarroak afganiar gehiago hartzeko "baliabideak eta borondatea" ditu

Euskalerria Irratia 2021ko abu. 24a, 12:57
Eduardo Santos kontseilaria, Itsas Salbamendu Humanitarioko Iñigo Mijangosekin.

Hala adierazi du Eduardo Santos kontseilariak Migrazio Politika eta Justizia kontseilariak, Itsas Salbamendu Humanitarioko Gobernuz Kanpoko Erakundearekin bildu ondoren.

Nafarroak afganiarrak hartzeko prestutasuna adierazi zion Espainiako Gobernuari, dagoeneko zortzi afganiar heldu dira, eta Migrazio politika eta Justizia kontseilariak ziurtatu du herrialdea prest dagoela errefuxiatu gehiagori harrera egiteko.

Eduardo Santosek azaldu duenez, iritsi direnak une honetan egoera zailean daude, baina beren bizitokia bertan finkatu ahal izango dute. Oraindik 95 toki erabilgarri daude bertan. Horiei dagokienez, unean uneko egoera aztertuz joango dira, estatuarekin koordinaturik.

Itsas Salbamendu Humanitarioko kideekin egindako bilkuraren helburua izan da aztertzea Afganistango krisiarekin sortzne ari diren eta sortuko diren migrazio fluxuak eta horiek aurrera begira izan ditzaketen ondorioak.

Izan ere, egunotako irudiak oso larriak izan arren, datozen hilabeteetan sortuko den krisialdi humanitarioari eta afganiarren exodoari erantzuteko prest egotea ezinbestekoa izango dela adierazi du Iñigo Mijangos, Itsas Salbamenduko Humanitarioko ordezkariak.

Krisiak aurrera egin ahala ihes egiten dutenei Europako mugak ixtea eta Afganistanekiko mugakide diren herrialdeetako errefuxiatu zelaietara bidali beharrean, ebakuazio eta harrera mekanismoak zabalik izatea: hori eskatzen dute Itsas Salbamendu Humanitariotik. Hala helarazi diote Espainiako Gobernuari, eta ildo horretan bildu dira, halaber, Nafarroakoarekin: kezka hori partekatzeko, eta elkarlanerako bideak bilatzeko, betiere erkidegoen eskumenak eta mugak aintzat hartuta.

Santosek kezka adierazi du abuztuaren 31tik aurrerako egoerarengatik, talibanek data hori jarri baitute atzerriko herrialdeek militarren erretiratzea eta ebakuazioak burutzeko muga gisa. Horri lotuta, asilorako planifikazioa une zehatzetara mugatu beharrean, iraunkor bihurtzeko premia nabarmendu du.

Bien bitartaen, Mediterraneoan migratzaileen ohiko fluxua ez da oraindik handitu, baina zehaztu dutenez, "ziurrenik hilabete barru afganiarrak izango dira Mediterraneo erdialdean".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!