Pandemiaren bosgarren olatuak behera egiten jarraitzen du

Euskalerria Irratia 2021ko abu. 17a, 10:40

152 positibo berri atzeman dituzte, azken 45 egunetako hirugarren onena, koronabirus kasuei dagokienez. Alde ezkorrari dagokionez, 91 urteko emakume bat zendu da. 

Azken egunean 152 kasu berri atzeman dira Nafarroa osoan egindako probetan. 1.579 proba egin dituzte, eta positibo tasa, beraz, %9,6koa da.

Igandean baino 55 kasu gehiago dira, baina duela zazpi eguneko 192 kasuen eta duela hamalauko 206en azpitik daude. Astea, beraz, %20ko beherakadarekin hasi da, eta laugarren astea da positiboak behera egiten ari direla. Azken 45 egunetako hirugarren onena da, eta azken 31 lan egunetako onena. 

Atzo Tutera hamabi kasurekin eta Mendillorri auzoa, Iruñe osoan izandako 59 kasuetako hamarrekin, izan ziren udalerri eta osasun eremuen araberako kutsatzeen eguneroko zerrendaren buru. Ondoren daude Burlata, zortzirekin, Berriozar eta Arrosadia, zazpinarekin, Arrotxapea, seirekin, eta Txantrea, Donibane eta Barañain, bosnarekin.

Beherantz doa bosgarren olatua, baina orain gaitzaren hedapenaren ondorio larrienak pairatzen ari gara. Zainketa intentsiboetako unitateetan 25 pertsona daude ingresatuta, eta ospitaletako plantetan, berriz, 103. Hamasei ospitaleratze berri egon dira, eta pertsona bat gehiago ZIUn. Atzo 91 urteko emakumezko bat zendu zen koronabirusarengatik.

Argi dagoena da, halere, delta aldaerak izan duen hedapena ikusita, txertorik izan ez balitz ondorio larrienak askoz ere handiagoak izango liratekeela, horregatik Osasun departamentuak dei berezia egiten die, orain arte txertoa jartzeari uko egin edo jartzerik izan ez duten pertsonei, beren dosia jartzera. Une honetan nafarren %66ek jasoa dute, babes osoarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!