97 COVID-19 kasu berri atzeman zituzten atzo, igandearekin, Nafarroan, Osasun Departamentuaren datuen arabera. 1.074 proba egin dituzte, eta positibo tasa %9koa da. Duela astebete baino 94 kasu gutxiago dira, eta duela bi aste baino 183 gutxiago.Ekainaren 30etik ehuneko langatik behera egiten den lehen eguna da.
Beraz, azken egunetako beheranzko joera baieztatu daiteke, baina gogoratu behar da igandeetan proba gutxiago egiten direla. Amaitu berri den asteko kasuak aurreko astekoak baino %21,5 gutxiago izan dira, 1319tik 1679ra igarota.
Atzo Zizur Nagusia izan zen udalerrika eta osasun eremuka positibo gehien izan zituena, zazpirekin; eta Iruñea osoan 24 izan ziren. Ondoren daude Barañain, seirekin; Tutera, bostekin, eta Sarriguren, laurekin.
Ospitaleko presioa arintzen ari da, baina motel, 98 pertsona ospitaleratuta baitaude oraindik COVID-19arekin, hiru berri, azken datuen arabera. Era berean, 27 daude zainketa intentsiboetako unitateetan, bi gehiago.
Amaitu berri den asteburuak kezka pizten zien osasun agintariei; izan ere, hainbat udalerritan jaiak izango ziren egunotan. Javier Remirez presidenteorde eta Presidentzia, berdintasun, funtzio publiko eta barne kontseilariak adierazi duenez, asteburua "normaltasunez eta lasaitasunez" igaro da.
Hala eta guztiz ere, Foruzaingoak 26 udalerritara bidali ditu baliabideak, batez ere, "borrokak eta erasoak" zirela eta. Poliziak jakinarazi duenez, sei botiloitan esku hartu du. Halaber, hamar herritara bidali ditu baliabideak, "gaueko edo goizaldeko ordu txikietako jaiengatik edo musika altuagatik".
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.
Bazkidetu zaitez!