Barne Produktu Gordina %2,6 hazi da Nafarroan urteko bigarren hiruhilekoan, aurrekoarekin alderatuta, eta %18,5 igo da 2020ko hiruhileko berarekin alderatuta. Hala jasotzen du Nastat Nafarroako Estatistika Institutuak egindako iragarpenak, eta hala aurkeztu du Mikel Irujo Ekonomia eta Industria Garapenerako kontseilariak.
Duela sei hilabete hartu zuen kargua, testuinguru “latzean”, erronka ikaragarriarekin. Baina bigarren hiruhilekoan izandako hazkundea “oso datu baikorra” dela adierazi du, eta argi uzten duela Nafarroa hazkunde egoera batean sartu dela.
Hala ere, ezinbestekotzat jo du ekonomiaren hazkundea “trantsizio ekologiko eta digitalarekin batera” heltzea.
Behin-behineko ondorioak
Nastaten arabera, une honetan zenbatespena egitea zaila denez, inpaktua behar bezala neurtzeko adierazle gehiago izan arte, zenbatespen horien behin-behinekotasuna kontuan hartu beharko da, eta irailaren 23an taula makroekonomikoa argitaratuko dute, eta berretsi edo aldatuko dituzte.