Garapen epidemiologikoak eta osasun sistemaren, zehazki, ospitaleen egoerak zehaztu du, beste behin, neurrien luzatzea. Ekainetik uztailerako aldaketa nabarmena izan da bi aldagaietan, Santos Indurain osasun kontseilariaren ustez: "Egoera zaila da".
Positiboen egunez eguneko datua egonkortzen ari da, baina birusaren transmisioa altua da oraindik. Atzo eginiko 2.600 probetatik ehuneko 14,7k eman dute positibo. 382 positibo atzeman dira. Egoera "serioa" da, beharko lukeena baino okerragoa, baina aurreko olatuak baino hobeagoa. Ez dira gazteak bakarrik kutsatzen ari direnak, gazteagoen eta zaharragoen artean gora egin dute kutsaketek.
Eta aurrekoetan bezala, horrek ondorioak izan ditu ospitaleetan. "Maila guztietan tentsinatu da ospitaleen egoera", azaldu du. 13 ospitaleratze izan dira azken egunean, horietatik 2 zaintza intentsiboen unitatean. 114 lagun daude kobidarekin ingresatuta, horietatik, 17 larri. Ez da paziente kopurua bakarrik kontuan hartu behar dena, baina; plantillak egokitzeko udako zailtasunak gehitu behar zaizkio egoerari.
Bien bitartean, abiadura bizian jarraitzen du txertaketa kanpainak. Atzo 3.500 dosi jarri ziren. 12 urtetik gorako herritarren ehuneko 64k jaso du txertoa osoki. Baina talde inmunitatea urrun da oraindik, bidea luzatzen ari dela ohartarazi du kontseilariak.