Bi konpainia nafarren lanak ikusgai aste honetan Erriberriko Antzerki Jaialdian

Euskalerria Irratia 2021ko uzt. 26a, 07:50
Transitos antzezlanaren irudi bat.

Eguraldiaren ondorioz iragan asteartean bertan behera utzi ostean, Amico Teatro konpainia nafarraren Tránsitos antzezlana gaur eskainiko dute. Horretaz gain, La Caja Flotantek Beatiful Stranger lana taularatuko du. 

Erriberriko Antzerki Jaialdiak aurrera jarraitzen du bere 22. edizioarekin, La Cava aretoko sarrera guztiak agortu diren asteburu baten ostean.

Gaur, astelehenarekin, gaueko 22:00etan, Amico Teatro konpainia nafarraren Tránsitos ikuskizuna programatu dute La Cava oholtzan. Iragan astearterako antolatuta zegoen, baina ekaitzaren ondorioz bertan behera utzi behar izan zuten. Joan den astearterako erositako sarrerak gaurko baliogarriak izango dira.

Antzezlan hori identitatearen bilaketarako bidaia intimoa da. Alde batetik, sentsualitatea, fusioa, feminitatea eta harmonia aztertzen ditu. Bestetik, kontraesanak eta gatazkak, batzuetan gordinak. Dualtasun horren gainean sortzen da obraren egitura onirikoa. Hauskortasuna, magia eta antzinako gaiak dira sorkuntza dramatiko honen oinarrietako batzuk.

Uztailaren 28an, asteazkenarekin, bertako beste proposamen bat egongo da: La Caja Flotanteren Beatiful Stranger lana, Ion Iraizoz, Gloria March eta Juan Pañosek zuzendutakoa. La Cajan taularatuko dute, 22:00etan.
 
Ostegunean, hilak 29, William Shakespeareren Tito Andrónico eskainiko dute, Teatro del Noctámbulo taldeak ekoitzi du, Meridako 65. Nazioarteko Antzerki Klasikoaren Jaialdiarekin batera. Kasu honetan, emanaldia 21:30ean hasiko da, lanak 145 minutu irauten duelako.

Jaialdia igandean amaituko da, abuztua hastearekin batera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!