Koronabirusaren bosgarren olatuaren zifra beltzak sumatzen hasi dira; ez dute ikustekorik aurreko olatuekin, egoera ez da horren txarra, baina, tamalez, gogorarazten digute oraindik ez dela izurritea bukatu. Kutsatzeak ugaritu ziren uztaila hasieran eta orain ondorioak heltzen dira: asteburuan 61 eta 63 urteko bi emakume zendu dira Nafarroan koronabirusarekin. Hamahiru egun igaro dira uztailean heriotzarik erregistratu gabe, baina azken astean lau pertsona hil dira gaitzaren ondorioz.
Bosgarren olatuaren eragina nabarmena da ospitaleko presioan ere: ZIUn okupatutako oheak bikoiztu baino gehiago egin dira hilabetea hasi zenetik, eta ospitaleratutako pertsonak hogeitik gora izatetik 80tik gora izatera igaro dira.
Azken egunetan behera egin du apur batez kutsatzeeten bihurguneak, badirudi goia jo duela olatuak, eta orain egonkortze fase batean dagoela. Azken egunean, 295 koronabirus kasu berri atzeman dira. Nabarmentzekoa da pasa den astean 400 kasuen langa gainetik izan zela gaitza egunero.
Egoerari buelta emateko, asteburuan indarrean sartu da etxeratze agindua ia Nafarroa osoan, intzidentzia altua duten tokietan, eta “ez-festa” egunetan diren herrietan mantenduko da; Tuteran, kasurako.
Hala ere, eguraldi onak kalera ateratzera bultzatu du jendea, eta hainbat botila festa ekidin behar izan dituzte Foruzaingoak eta Iruñeko Udaltzaingoak.
Iruñeari dagokionean, gaur ez dago etxeratze agindurik.