Lizarra Ikastolak Nafarroa Oinez festa ospatuko du, bi egunetan

Euskalerria Irratia 2021ko uzt. 22a, 11:38

Lizarrako ikastolak jakinarazi du urriaren 16 eta 17an ospatuko duela festa, eta ez duela zerikusirik izango ohiko Nafarroa Oinezekin. Aurretik, zentroaren 50. urteurrena ospatzeko hainbat jarduera egingo dituzte, abuztuaren 13 eta 14an. 

Urtebete beranduago eta egoerara egokiturik, baina, Lizarrako ikastolak Nafarroa Oinez festa ospatuko du. Bi egunetan izango da, eta aurreratu dutenez, ez du zerikusirik izango ohiko festekin.

Ez da ibilbide bat egongo, lau gune baizik, printzipioz itxiak, edukierak kontrolatzeko, eta askotariko jarduerak antolatuko dituzte, hala nola jokoak, kirola, kontzertuak eta tailerrak. Oraingoz erabaki dute egon daitekeen egoerarik okerrenari begira antolatuko dutela festa, eta uneko baldintzen arabera, egokituko dute.

Bi urte hauetako prozesuan, pandemiak ezarritako trabei aurre eginez, ilusioari eustea lortu dutela diote, baina aitortu dute zaila izan dela, ezjakintasuna handia izan delako. Baina ikasitakoa ere nabarmendu dute.

Abestia abuztuko festan

Nafarroa Oineza ospatuko denez, beti bezala, kantua ere sortu dute, eta abuztuaren 13 eta 14ko asteburuan egingo duten jaian aurkeztuko dute. Lizarrako ikastolak, izan ere, 50 urte bete ditu, eta urteurren borobila ospatzeko jarduera ugari prestatu dituzte. Kantua Urko Peralek konposatu du, musika tradizionalen erritmoak garaikideekin bateratzen, eta eta bideoklipa ere prestatu dute, Iñigo Urrizelkik ekoitzia eta Iñaki Elcanok filmatua.

Abuztuaren 13an erakutsiko dute, Los Llanos zinemetan, ikastetxearen ibilbidea goraipatzeko egingo duten ekitaldian. Hurrengo egunean, Kiki eta Koko pailazoek haurrentzako ikuskizuna eskainiko dute, eta helduentzako, berriz, kontzertu bana eskainiko dute Paulantropiak eta Gatibuk.  

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!