Zortzi kirolari nafarrek parte hartuko dute 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan. Jon Moncayola eta Mikel Merino futbolean arituko dira, Nerea Pena eta Eduardo Gurbindo eskubaloian, Asier Martinez eta Sergio Fernandez atletismoan, Alberto Munarriz waterpoloan eta Carlota Ciganda golfean.
Jokoen inaugurazioa ostiralean izango da, baina lehiaketa batzuk bihar bertan hasiko dira, futbolaren kasuan bezala. Hori dela eta, Mikel Merino (Iruñea, 1996) eta Jon Moncayola (Garinoain, 1998) izango dira parte hartuko duten lehen nafarrak. Bihar bertan egingo dute, Egiptoren aurkako partiduan. Espainia dominak irabazteko faborito nagusietako bat da. Egipto, Argentina eta Australiarekin batera dago C taldean, eta multzoko lehen bi postuetan geratzen bada, final-laurdenak uztailaren 31n jokatuko ditu. Finalerdia abuztuaren 3an izango litzateke, eta finala, 7an.
Eduardo Gurbindo (Iruñea, 1987) eskubaloi jokalaria larunbatean hasiko da, Alemaniaren aurka; bere bigarren Olinpiar Jokoak izango dira, 2012an Londresekoetan aritu ondoren. Bere taldea dominak irabazteko faboritoen artean dago, baina maila bertsuko selekzioak dituen talde batean dago.
Eskubaloiko emakume jokalariei ere antzekoa gertatzen zaie. Tartean da Nerea Pena (Iruñea, 1989). Igandean Suediaren aurka jokatuko du. Penarentzat bigarren Jokoak izango dira, Rion 2016n parte hartu ondoren.
Alberto Munarrizek (Iruñea, 1994) asteartean egingo du debuta waterpoloan, eta hark ere baditu aukerak. Gizonezkoen waterpolo selekzioko liderretako bat da, titulu askoren irabazlea. Bere bigarren Jokoak dira.
Banakako kirolei dagokienez, Carlota Ciganda (Iruñea, 1990 golflaria datorren asteko asteazkenean hasiko da. Tokiora joango da asmo handiko selekzio batekin. Cigandarentzat bigarren Olinpiar Jokoak dira.
Sergio Fernandez (Iruñea, 1993) atletak 400 metro hesietako lehen kanporaketan parte hartuko du uztailaren 30ean. Fernandez palmaresik distiratsuena duen atleta nafarra da, eta Rioko Olinpiadetan parte hartu zuen lehen aldiz. Asier Martinez (Zizur Nagusia, 2000), berriz, 110 metro hesietan lehiatuko da asteartean, hilaren 3an. Nafarren artean gazteena da, eta lehen aldiz joango da lehiaketa horietara.
Zortzi kirolariekin batera, Nafarroako lau teknikari izango dira Tokion: Paula Remirez taekwondoko teknikaria, Pablo Carpio beisbol puntuatzailea, Mikel Zabala mountain bikeko hautatzailea eta Juan Carlos Barcos Nazioarteko Judo Federazioko nazioarteko harremanetarako zuzendaria.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.
Bazkidetu zaitez!